Itxi

Goiz kronika asteburua

KORONABIRUSA

Iratxe Gonzalez: "Positibo eman arren, Osakidetzak lanera joatera behartu nau"

EUSKADI IRRATIA

Iratxe Gonzalez familia medikuak salatu du Osakidetzak lanera joatera behartu duela testean positibo eman arren, bost egun sintomarik gabe zeramatzalako.

  • Osasun profesionalak, lanean. Artxiboko irudia.

    Osakidetzako langile bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EiTB.

    6:04 min
imagen player
imagen player
imagen player

Iratxe Gonzalezek martxoaren 27an eman zuen lehen aldiz positibo koronabirusean. Aste honetan gaixotasunaren sintomak sentitzeari utzi dio, eta
Osasun Sailak beste test bat egin dio, baina berriz ere positibo eman du. Osakidetzak, ordea, krisiaren erdian protokoloa aldatu du eta bost egun sintomarik gabe daramatzaten osasun profesionalak lanera itzultzera behartzen ditu, nahiz eta positibo izaten jarraitu.

Gonzalezek dio, artikulu batzuk argitaratu dutenaren harira hartu duela Osakidetzak erabaki hori, baina salatu du "azkarregi" hartutakoa dela eta "zuhurtziarik gabe", gaixotasun berria izanik, ez dagoelako nahikoa informazio ehuneko ehunean horrelako erabaki bat hartzeko.

Osakidetzaren jarrera, gainera, "kontraesankorra" dela dio, asintomatikoak detektatu eta hoteletan isolatzeko asmoa iragarri duelako, baina kontran, asintomatikoa den osasun profesional bat, oraindik ere positibo dena, lanera joatera behartzen duelako, pazienteak arriskuan jarriz.

Nekane Murgak irizpide teknikoak defendatu ditu protokoloa aldatzeko

Egunero bezala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute 12:30ean COVID19ak azken 24 orduotan EAEn utzitako datuen berri emateko. Nekane Murgak hitz egin du gaur eta azken orduetan 36 pertsona hil eta 415 kutsatu berri atzeman dituztela jakinarazi du.

Galderen txandan, positibo eman duten osasun-langileek sintomarik gabe 5 egun daramatzatenean lanera itzultzeko Osakidetzak hartu duen erabakiaz galdetu diote eta Murgak erantzun du irizpide teknikoen arabera hartu dutela erabaki hori, "irizpide kliniko eta osasun laboralekoak kontuan hartuta".

Hala, PCR Testak oso "sentiberak" direla adierazi du, eta gaitza igaro eta ondorengo asteetan ere positibo ematen jarrai dezaketela pertsona horrek jada kutsatzeko gaitasunik ez badu ere. Gainera, badaezpada ere, bueltatzera behartzen dituzten langileak ez dituztela pazienteekin lanean jartzen esan du eta maskarila daramatela.

Azkenik, erabakia kasuz kasu hartzen dela zehaztu du, protokoloa ez dela berdina kasu guztietan, eta "hau ez duela Osakidetzak bakarrik" egiten defendatu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela.