Itxi

Goiz kronika asteburua

MALGUTZE NEURRIAK

Josu Bujanda: "Mendira joatea kirol jarduera bezala hartuko dugu"

EUSKADI IRRATIA

Ertzain buruak dio zaila izango dela herritarrak arauak betetzen ari direla kontrolatzea. Horregatik, "norberak bere ardura edo kontzientzia izatea garrantzitsua izango da".

  • Josu Bujanda, Ertzain burua

    Josu Bujanda, Ertzaintzaren burua, artxiboko irudi batean.

    7:21 min
imagen player
imagen player
imagen player

Maiatzaren 2 honetan kirola egiteko aukera zabaldu dela eta, Josu Bujanda Ertzaintzako buruarekin hitz egin dugu Euskadi Irratiko Goiz Kronikan, konfinamenduaren malgutze neurriei buruz.

Konfinamendua arintzeko lehen saiakera nagusia da gaurtik aurrerakoa eta lehen ordu hauetan "ez da aparteko arazorik izan osasun agintariek emandako jarraibideak betetzeko". Hala, oro har, "arazorik gabe" hasi dela eguna esan du Bujandak, "joan behar duen bezala".

"Segurtasun eta babes neurriak betetzea" da mezu nagusia: hala nola, bi metroko distantzia gordetzea, jende pilaketak saihestea edota kirola egiterakoan geldialdiak ekiditea. Maskaren eta eskularruen erabilerari dagokionez, gomendagarriak dira jende askorekin topo egiteko arriskua badago.

Bujandak adierazi du Ertzaintzak eta Udaltzaingoak jarrera pedagogikoa izango dutela lehen txanpa honetan, "zer egin daitekeen eta zer ez" azaltzea izango dela euren lana, kontrol zorrotza egitea "oso zaila" izango delako, baina arau hauste larrien aurrean "zorrotz" jokatuko dutela nabarmendu du.

Herritarrek oraindik dituzten zalantzak argitzen saiatu da ertzainburua Goiz Kronikan, mendi-bueltei dagokiena, adibidez: "Mendira joatea kirol jarduera gisa" hartuko dutela adierazi du eta, beraz, herritarrek, hiri edo herri bakoitzaren mugen baitan dauden mendietan denbora mugarik gabe ibiltzeko aukera izango dutela; baina, bakarka, beti ere.

Kasuistika oso zabala da, eta asko dira zalantzak. Edonola ere, astelehenetik aurrera hasiko den 0 faseari begira, Madrildik arau gehiago iritsiko direla argitu du Ertzaintzaren arduradunak. Bitartean, ohiko zalantzez haratago, jendeak badakizkiela arauak zeintzuk diren berretsi du, eta hor "norberak bere ardura edo kontzientzia izatea garrantzitsua" dela defendatu du.