Itxi

Goiz kronika asteburua

SEXU ABUSUAK

Mikel Eziolatza: "Salaketa egiteak zama arintzen laguntzen du. Gogorra da kontatzea baina ez bizitzea adina"

ENERITZ GORROTXATEGI | EITB MEDIA

Nafarroan ikastetxe erlijiosoetan sexu abusuak jasan zituzten 60 biktima eta 31 usteko abusatzaile identifikatu eta txosten batean jaso eta ezagutarazi dituzte. Biktima horietako bat da Goiz Kronikan izan den Mikel Eziolatza.

  • Mikel Eziolatza, ikastetxe erlijiosoetako sexu abusuen biktima

    Mikel Eziolatza, ikastetxe erlijiosoetako sexu abusuen biktima

    8:19 min
imagen player
imagen player
imagen player

Foru Gobernuak aginduta, Nafarroako Unibertsitateko ikerlariek egindako txostena ezagutarazi dute. Elizaren barneko erakundeetan izandako sexu abusuen errealitatea ezagutarazten du txosten horrek; ikastetxe erlijiosoetan sexu abusuak jasan zituzten 60 biktima eta ustezko 31 abusatzaile identifikatu dituzte. Biktima horietako bat,  Mikel Eziolatza, Euskadi Irratiko "Goiz Kronika" saioan elkarrizketatu dute.

Bere kasua aintzat hartu eta txosten batean jasotzea "positibotzat" hartu du, eta beste biktima batzuek "salaketak jar ditzaten" baliagarri izango delakoan dago. Ikerketa honen aurrean baikor ote den galdetuta, "elizak duen arazoa garbitu nahi badu, benetako ikerketa" egin beharko duela esan du. Argi adierazi du "haien biktimak gara gu, arazoa haiek daukate".

Ez da ohikoena, baina Eziolatzak esan duenez, berak 11 urte zituela, "lehen unean, ikastetxean bertan salatu" zuen gertatutakoa. 80. hamarkadako gertakariak direla zehaztu du. Jabetzen da salaketa jartzea edota kontatzea "zaila" egiten dela. "Jendeari denbora asko kostatzen zaio kontatzea, batzuetan hil ere egiten dira kontatu gabe, eta beste zenbaitek 70 urterekin kontatu dute lehen aldiz", erantsi du. Izan ere, "tragikoa" deritzo "zama horrekin bizitzea". Horrelako pasarte bat adin horretan gertatzeak " bizitza erabat suntsitzen" duela aitortzen du, zama hori aritzeko "salaketa egiteak laguntzen" duela gaineratuz. Gogorra da kontatzea, baina ez bizi genuena bezainbeste".

Erakundeek biktimatzat hartzea begi onez ikusten duen arren, nabarmendu du "gai honetan politika alde batera utzi" behar dela eta "ausartak izan". Horrelako kasuetan justizia egitea eta errekonozimendua jasotzea, "zauri hori sendatzeko pausu bat" dela deritzo Euskadi Irratiko Goiz Kronikan esan duenez.