Itxi

Goiz kronika asteburua

GIPUZKOA

Idiazabalgo San Blas arrautzategiak ateak itxi ditu, 40 urteko ibilbidearen buruan

ASIER ODRIOZOLA | T.S.J. | EITB MEDIA

Energiaren eta zerealen garestitzeak bultzatuta, eta negozioarekin jarraitzeko lekukorik aurkitu ezinda, ixtea erabaki dute Julia Aramendi eta Joxe Mari Munarriz jabeek, Euskadi Irratiari azaldu diotenez.

  • Arrautzak

    Idiazabalgo San Blas arrautzategiak ateak itxi ditu. Argazkia: Freepik

    1:44 min
imagen player
imagen player
imagen player

Egungo egoera ekonomiko aldapatsuaren beste biktimetako bat izan da gurean: Idiazabalgo San Blas arrautzategia, alegia, familia-enpresa ezagun horrek itxi behar izan duelako, ia 40 urteko bidearen ondoren.

Energiaren eta zerealen garestitzeak bultzatuta, eta negozioarekin jarraitzeko lekukorik aurkitu ezinda, ixtea erabaki dute Julia Aramendi eta Joxe Mari Munarriz jabeek, Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan azaldu dutenez.

Atzean geratu dira ondo egindako lanaren atsegina, ixtearen tristura eta milioika arrautzeko produkzioa. "400.000 oilo izan ditugu", zehaztu du Aramendik. Munarrizek eta Aramendik osatutako bikoteak duela 38 urte hartu zuen negozioa, hasieran alokairuan eta gero jabe bihurtuta.  

Hastapenetan, eskuz egiten zuten prozesu osoa; geroago sartu zuten makinaria modernoa. Baina orain berriz ere inbertsioa egin beharrean ziren, oiloak larrean edukitzera behartuko baitu laster legediak.

"Atzetik ez dugu segimendurik ikusi", esan du Julia Aramendik, "gure seme-alabek ikasketak egin dituzte, baina beste bide batzuk aukeratuta. Gure adina eta seme-alabek ez dutela jarraitu nahi ikusita, gu ez gaude prest negozioarekin jarraitzeko behar den inbertsio hori egiteko".

Horrekin lotuta, energiaren eta zerealen etengabeko garestitzeak "eragin handia izan du gure erabakian", Aramendik ondorioztatu duenez, "arrautzak supermerkatuan garestitu direlako, baina ekoizleen igoera txikia izan delako".

"Kriston penarekin itxi behar izan dugu, baina gure ondoan dagoen industrialdeko bat enteratu zen, eta oilotegia erosteko asmoa erakutsi zigun", iragarri du Aramendik. Beraz, azkenean, itxiera txukuna, eta hainbeste urtean merkatuan produktu ona jarri izanaren lasaitasuna geratu zaie.