Goiz kronika asteburua
Ogiaren Nazioarteko Eguna
Lierni Goikoetxea, dietista eta nutrizionista: "Ogia dietatik kentzea kalterako gehiago da, onerako baino"
Kontsumoa jaitsi egin dela diote datuek. Hego Euskal Herrian norbanako bakoitzak 30 kilo pasatxo ogi jaten ditu urtean. Ekoizleek eta adituek ogiaren inguruko mitoak gezurtatu eta onurak azpimarratzen dituzte.
-
Ogia. Iturria: wikimedia
6:50 min
"Ondo egindako lana" defendatu digu Mikel Garmendia "Gipuzkoa Okinak" elkarteko presidenteak: "Egunero saiatzen gara kalitatezko produktua bezeroaren esku jartzen". Geroz eta ogi mota gehiago dago, baina betiko barra omen da okindegian estimatuena.
Euskal Ogia ere bada. Labelduna. Arabako gariz egina. Juanma Oribek hala egiten du. Gernikan eta Mungian ditu okindegiak: "Zero kilometroko irina lortu dugu, oso produktu ona egiteko. Ama orez egina, hartzidura luzekoa, gehigarririk gabe".
Ogia denontzat komenigarria dela esan digu Lierni Goikoetxea, Askora enpresako dietista eta nutrizionistak: "Karbohidratotan aberatsa da eta gure garunak karbohidratoak behar ditu bizirik mantentzeko". Eta gizendu egiten duela esaten bada ere, mezu argia bidali digu: "Ez kendu ogia dietatik, baina bai harekin bustitzen ditugun saltsa guztiak".
Azken boladan energiaren kostua da okinen kezka. Batzuei hirukoiztu egin zaie faktura. Ondorioz birritan igo behar izan dute ogiaren prezioa, eta Oribek ez du baztertzen berriz igo behar izatea. Garmendiak aldiz, energiaren kostuak jaisteko neurriak eskatzen dizkie erakunde publikoei.