Goiz kronika asteburua
Prestige
20 urte dira Prestige hondoratu eta marea beltzaren sarraskiaz
UNAI URREAGA | TAMARA FERRARI | EITB MEDIA
Itsasotik eta lehorretik aritu ziren milaka boluntario eta arrantzale txapapotea jasotzen. Horien artean Luxio Ugarte eta Emeterio Urresti; txapapotea kentzen aritu ziren eta bizitakoa kontatu digute Goiz Kronikan.
-
Prestigen marea beltza Euskal Herrian
11:54 min
Gaur 20 urte Fisterra lurmuturretik 28 itsas miliatara zela, Prestige ontziari kroskoan zulo bat egin zitzaion, denboralearen ondorioz. Kasko bakarreko ontziak 26 urte zituen, eta 77.000 tona erregai zeramatzan barruan. Handik sei egunetara bitan zatitu eta hondoratu egin zen. Hortik aurrerakoak buruan iltzatuta dituzte askok oraindik beztutako kostaldeak, hegaztiak eta arrainak.
Itsasotik eta lehorretik aritu ziren milaka boluntario eta arrantzale txapapotea jasotzen. Horien artean Luxio Ugarte eta Emeterio Urresti; txapapotea kentzen aritu ziren eta bizitakoa kontatu digute Goiz Kronikan.
Miren Cajaraville zelulen biologiarako katedraduna da EHUn eta Galizian bertan eta Kantauri kostaldeko beste hainbat lekutan aritu zen ikerketa lanetan: "muskuiluak aztertu genituen gehienbat. Uretako kutsatzaileak pilatzen dute". Monitoring edo jarraipenen garrantzia ere azpimarratu digu Cajaravillek.
Kutsadura horren kontra aritzen da lanean Surfrider ozeanoen babeserako fundazioa. Maria Ballesterosek esan digu, urteotan zerbait ikasi dugula: "Gaur egun askoz zailagoa da gertatu zena gertatzea". Eta legeak betetzen direla zaintzeko agentzia bat ere sortu dute Europan "Gaur egun ezin da Prestige bezalako ontzi bat egon itsasoan".
Istripua izan eta 10 urte geroago epaiketa egin eta kapitaina zigortu zuten. Bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Eta Auzitegi Gorenaren behin betiko epaiak 1.500 milioi euroko kalteordainak ezarri zituen ardura zibilagatik. Ontziaren jabeak eta aseguru-etxeak ordaindu beharko lukete gehiena, baina zati txiki bat baino ez dute pagatu.