Goiz kronika asteburua
Migratzaileen eguna
"Edonor izan gaitezke migratzaile"
EITB MEdia
"Eskubide guztiak, denontzat eta edonon". Horixe migratzaileei laguntzen lan egiten duten elkarteen mezua. Gerrek, miseriak edota larrialdi klimatikoak behartuta, geroz eta gehiago dira euren bizitokia utzi behar izaten dutenak.
-
Migratzaile talde bat
8:44 min
Adin txikikoa zela iritsi zen Euskal Herrira Moustapha. Mauritaniakoa izatez, Europara iristea zuen amets. "Nire herrialdean ez dago ezer. Hemen lehenengo ametsa ikastea da. Batxilergoa bukatu eta gero unibertsitatera joatea". Aldundiaren "Izeba" programan parte hartzen du eta horri esker familia bat du Oñatin. Orain ez dela bakarrik sentitzen eta pozik hitz egin digu.
Ana Elena Altuna, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideak esan digu, "edonor izan gaitezkeela migratzaile". "Guk defendatzen dugu inork etxetik alde egin beharrik ez izatea bizitza duin baten bila". Herrialde batetik besterako bidaia gogorra izaten da askotan. 2014tik bidean zihoazen 50.000 migratzaile hil direla diote Nazio Batuen datuek. Batzuk Bidasoa ibaia zeharkatu nahian. Han inguruan egiten du lan Irungo Harrera Sareak. Alaine Aranburu da kideetako bat. Lau urte daramatzate migratzaileei laguntzen, hau bosgarren negua dute. "Arriskuak hor jarraitzen du. Urrats batzuk eman dira, baina dena den jarraitzen dugu salatzen ez zaiela harrera egiten migratzaile guztiei. Harrera duin integrala eskatzen dugu denentzat". Urteotan 24.000 laguni eskaini diete laguntza, baina Irundik Hendaiara igarotakoak gehiago direla diote.
Altunaren ustez, Ukrainako gerrak erakutsi du ihesi doazenei harrera duina egitea posible dela. Gainera, migratzaile izateak eskubiderik ez izatea esan nahi du askotan. Horregatik herri ekimen legegilea eskatuz 500.000 sinadura eramango dituzte asteazkenean Madrilgo Kongresura, erregularizazioa helburu hartuta. Balizko erregularizazio horrek 2021eko azaroa baino lehen Espainiar Estatura iritsitako milioi erdi migratzaileri eragingo lieke, haietatik 150.000 adin txikikoak dira.