Goizak gaur
Alberto Lopez Basaguren
"Zail izango dute auzitegiek gobernuaren ahalmen hori mugatzea"
Alberto Lopez Basaguren Zuzenbide Konstituzionaleko katedradunaren arabera, indultua ematea "gobernuaren erabaki diskrezionala" da.
-
Alberto Lopez Basaguren
8:46 min
Sedizioa, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta desobedientzia egotzita zigortutako hamabi buruzagi independentistei indultua ematearen aurka agertu da Auzitegi Gorena. Alberto Lopez Basaguren Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko katedradunak "Goizak Gaur" albistegian adierazi duenez, Gorenak txosten horretan Espainiako gobernuari adierazi nahi izan dio indultu osoa emateko arrazoibideak ez direla betetzen. Izan ere, legearen arabera, indultu osoak bertan behera uzten ditu kondenatuak jaso eta oraindik bete ez dituzten zigor guztiak, eta arrazoibide bereziak eskatzen ditu horretarako, justiziari, zuzentasunari, ekitateari edo onura publikoari lotutakoak alegia. Basagurenen arabera, horiei buruzko arrazoibiderik ez dagoela dio Gorenak, eta, beraz, "bere asmoa gobernuari indultu osoa emateko bidea ixtea da".
Indultu horiei helegiteak jartzen bazaizkie, katedradunak ez du garbi ikusten zer aterako den bide horretatik. Konstituzioa Auzitegiak 1990ean eman zuen epai ezagun batek ezarritakoaren arabera, indultua bakarrik justifikatzen da justizia materiala justizia formalak urratu duenean, hau da, legeak ezartzen duen zigorrak bere helburua betetzen ez duenean, eta gobernuek hori orekatzeko ahalmena daukatela dio Basagurenek. "Horri buruzko erabakia gobernuaren erabaki diskrezionala da, botere betearazlearena, eta epaileek ezin dute erabaki horren mamia kontrolatu, ezta Konstituzio Auzitegiak ere. Beraz, zail izango dute auzitegiek gobernuaren ahalmen hori mugatzea", esan du.
"Indultuen aurrekariak badaude, ez bakarrik Espainian; oso ohikoa da inguruko sistema guztietan", azpimarratu du Basagurenek.