Itxi

Hitza Jolas

Jon Mugartegi hil da

16 urterekin irten zen plazara Jon Azpillagarekin

Mugartegiren hiletan ziren familiakoak eta lagunak, harekin batera bertsotan ibilitako Amuriza, Enbeita, Lopategi, Lizaso, Mañukorta… Santa Eskeko taldeak agur berezia eskaini nahi izan zion

  • 15:40 min
imagen player
imagen player
imagen player

Jon Mugartegi, edo Juan Mugartegi, bietara deitzen zioten, Berriatuako bertsolaria, 84 urterekin joan da. Patroikoa baserrian jaioa. 1949an irten zen plazara eta bertsotako bere markak ez dira nolanahikoak izan. Bizkaiko txapelketa irabazi zuen 1960an, hirugarren edizioa. 1958an hasi zen Bizkaiko txapelketa ofiziala jokatzen Euskaltzaindiak antolatuta, frankismo garaian. Lehen bi edizioak Balentin Enbeitak irabazi zituen. Urretxindorraren semeak. Bi horietan ere parte hartu zuen Mugartegik. Eta 1960an, hirugarren edizioa irabazi zuen.1964an eta 1966an ere bigarren sailkatu zen Jon Lopategiren atzetik. Behin txapel hori irabazita, hamarraldi emankorra izan zen beretzat, hiru aldiz iritsi baitzen Euskal Herriko finalean kantatzera. Eta ez ziren edozein final izan haiek: 1960 Basarrik irabazitakoa, 1965 Uztapide txapeldun eta 1967 Uztapide txapeldun, Xalbadorri txistu egin zioten urtea. Hiru aldiz finalean baina beste hiru txapelketa nagusietan ere hartu zuen parte.

Bertsozaletasuna amamarengandik zetorkion, hark piztu omen zion bertsoaren sua barruan. 13 urterekin Berriatuan kantari ikusi zituen Basarri eta Uztapide eta hark ere asko eragin omen zion. Handik hiru urtera, 16 urterekin irten zen plazara Jon Azpillagarekin batera. Mugartegiren hileta Berriatuan bertan izan zen ostiralean eta hantxe ziren familiakoak eta lagunak, eta noski, harekin batera bertsotan ibilitako bertsokide asko ere bai: Amuriza, Enbeita, Lopategi, Lizaso, Mañukorta… Mezaren ostean, haren hil kutxaren aurrean Santa Eskeko taldeak agur berezia eskaini nahi izan zion, behar bezala jantzita, makilak eskuan, txapelak buruan: Jose Luis Basterretxea Altzalei, Iñigo Goienola, Imanol Aldazabal, Julen Sololuze eta Joseba Goienola. Eta azken kopla semeak bota zion Jon Mugartegik, Miamin pilotari dabilenak. Bakoitzak bere kopla kantatzerakoan txapela kendu egiten zuten maisu zaharraren aurrean. Berriatuan San Eskeak izan zuen bere garaian ahulaldia eta ohitura berreskuratu zutenetako bat izan zen Jon Mugartegi, baita Jon Azpillaga ere, haiekin ziren Joseba “Altxu” eta baita Juan “Eguren” ere. Plazaz plaza ibili zenean, kantukide izan zituen Jon Azpillaga, Jon Lopategi, Buztarri, Okelar anaiak, Mañukorta, Enbaitatarrak, Taket, Amuriza eta Bizkaiko bertsolari garaikide gehiago… Bizkaitik kanpora Arozamena, Xalto, Xalbador, Xanpun, Mattin, Ezponda,  Uztapide, Basarri, Lizasotarrak, Agirretarrak, Lazkano, Lasarte, Mitxelena, Lazkaotxiki, Etxeberria, Egileor, Garmendia…  2018ko urtarrilaren 18an hil da 84 urte zituela.