Itxi

Landaberri

OMENALDIA

"Landaberri" saioak gurbitza landatu du Arantzazun, Pello Zabalaren oroimenez

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Jakoba Errekondok nabarmendu duenez, Pello Zabalaren ezaugarriak islatzen dituen landarea da gurbitza: langile nekaezina, gogorra eta bizia.

0:59

Natura eta herri-jakintza maisuki harilkatzen zituen Pello Zabalak Euskadi Irratiko "Landaberri" saioan. Bataren mintzoa entzunez eta bestearen iturritik edanez, larunbat goizero, irakaspen mardulak zabaldu zituen irrati uhinen bidez lau haizetara, apal eta xume.

Eguraldia iragartzea zuen xede, eta eguzki, laino, euri, gandu eta lanbro artean beti topatzen zuen bidezidorren bat bere ezagutza herritarrekin partekatzeko. Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista eta Arantxa Artza kazetaria izan zituen bidelagun irratiko plazan, eta haiek modu berezian agurtu nahi izan dute lankide eta laguna.

Arantzazuko Santutegiaren gainaldean, Gandiaga Topagunearen hegietako batean, gurbitz zuhaixka landatu dute, Pelloren oroimenez. Errekondok azaldu duenez, etengabe lanean ari den arbola da gurbitza, urte barruko fruitua bota aurretik berria sortzen hasten dena. Ez du hostorik galtzen, eta enbor gogorreko landarea da, oso langilea. Fruitua ere berezia du, azalik gabekoa, eta ura barrura sartzen zaionean, bizitasuna hartzen duena. Pelloren izatea irudikatu dute ezaugarri horietan, bidegile nekaezinarena.

Landaketarako aukeratu duten tokiak ere badu esanahia. Pellok hain maitea zuen Arantzazu bere osotasunean ikusten den magala, Santutegitik gertu, baina, aldi berean, bereizita, propio bertara joan beharrekoa. Natura eta bakea bilatu nahi dituenarentzat, aproposa.

Joan den ostegunean egin zion "Landaberri" saioak omenaldia Pellori, haren etxekoak bertan zirela, bideo honetan ikusten denez. Gaurko saioa ere, bertan grabatu zuten. Frantziskotarrarekin bizitako une eder guztiak lur gozotan betirako gordeta utzi zituzten.

Idazlea, irratiko esataria eta meteorologoa

Pello Zabala (Amezketa, 1943) fraidea joan den asteazkenean hil zen, covid-19ak lehendik zituen osasun arazo larriak okertu eta gero. 78 urte zituen eta Arantzazuko santutegian bizi zen.

Monje frantziskotarra idazlea, irratiko esataria eta meteorologoa izan zen, eta  Euskadi Irratian aritu zen lanean hainbat urtez. Hasieran, musikari buruzko saio bat gidatzen zuen, eta ondoren, eguraldiaren iragarpenak ematen zituen, tenporetan oinarrituta.