Itxi

Mezularia

ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

'Herritarron gose-egarria ez da aseko erreferendumik gabe. Herri erronka da'

Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramailea elkarrizketatu dugu. Euskal Herrian inoiz egin den sinadura bilketa handiena egin nahi dute, erreferendum baten eskaerak "legitimitatea" izan dezan.

  • Josu Etxaburu:"Herritarron gose-egarria ez da aseko erreferendumik gabe". 2019-11-14.

    Gure Eskuren erronka berriaz aritu gara Mezularian Josu Etxaburu bozeramailearekin.

    8:10 min
imagen player
imagen player
imagen player

Gure Eskuk datozen hilabeteetako erronkaren berri eman du gaur, eta Josu Etxaburu bozeramailearekin hitz egin dugu 'Mezularia'n, erronka horren berri zabalagoa jasotzeko asmoz. Euskal Herrian inoiz egin den sinadura bilketa handiena egin nahi dute, erreferendum baten eskaerak "legitimitatea" izan dezan.

Etxaburuk azaldu duenez, "sinetsita gaude herritarren gehiengo batek bat egiten duela burujabe izateko nahiarekin, eta erabakitzeko ahalmena izan nahi dutela, ez bakarrik Euskal Herriaren estatus politikoari buruz, baizik eta eguneroko bizitzan eragina duten esparru guztien inguruan ere; adibidez, pentsio sistemei, berdintasun politikei edo hizkuntza politikei buruz".

Gure Eskuko bozeramailearen esanetan, milaka eta milaka herritarren "nahi horri irtenbide demokratikoa" eman behar zaio. Izan ere, "legeak herritarron nahiari erantzuteko sortzen dira, ez herritarrak legeen menpe egoteko". Horren iritziz, "besterik ezean, erreferenduma tresna bikaina da horretarako, herritarron gose-egarri hori ez da aseko bestela".

"Herri-ekimen hau euskal lurralde osora zabaldu nahi dugu", esan du Etxaburuk, eta arlo ezberdinetako eragileekin batera herrigintza bultzatzeko adierazpen bat lantzen ari direla jakinarazi du. "Eskaera zehatzak" dituen proposamen hori apirilean aurkeztu nahi dute Legebiltzarrean, eta baita Iparraldeko erakundeetan ere, sinadurak biltzen hasi aurretik.

Hori dela eta, sinadurak bildu eta erreferendumak egitea arautuko duen lege bat egitearen alde abiatutako mobilizazio soziala "herri-erronka bat" izatea nahi dutela azpimarratu du Etxaburuk. Ildo horretatik, ikusmira luzeko prozesua dela esan du, eta aniztasunetik lan egitea oso aberasgarria dela ziurtatu du.