Itxi

Osasun etxea

KORONABIRUSA

Zubia: "Agerraldi gehiago izango dira, jende asko baitago oraindik txertatu gabe"

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB.EUS

Mallorcako ikasle bidaiei lotutako agerraldiaren antzeko gehiago iragarri ditu Donostia Ospitaleko ZIUko buruak ohiturak aldatzen ez badira eta neurriei eusten ez bazaie.

  • Felix Zubia

    Felix Zubia ETBk egindako elkarrizketa bateko artxiboko irudian.

    30:34 min
imagen player
imagen player
imagen player

Txertaketa zabaldu eta koronabirusaren pandemiaren adierazleak nabarmen hobetu ondoren, maskara janztea ez da derrigorrezkoa aire librean, atzotik, Hego Euskal Herrian. Aste honek, hala ere, ezustea ekarri du, eta Mallorcan izandako ikasle bidaietan ernetutako agerraldiak 126 kasu utzi ditu gutxienez, EAEn. Horrek datuen okertzea eragin du; Gipuzkoan, batez ere, baina adin tarte jakin bati lotuta dago, oraingoz, datuen okertze hori.

Gertatuari buruz hitz egin du gaur Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan eta bi faktoreri egotzi die errua: batetik, prebentzio neurriak bete ez izanari; eta bestetik, adin tarte horretan txertatu gabe egoteari. Medikuak argi du horrelako gehiago ikusiko ditugula udan zehar eta segutasun neurriei edo ohiturei eusteko eskatu du berriz ere: "Neurriak arintzean bagenekien horrelako gauzak gertatuko zirela. Batetik ohiturak aldatzen direlako eta beharbada ez dugu ikasi gaitz hau zer den, eta beste alde batetik, txertatu gabeko portzentaje handia dugulako gure artean. %40ra ez da iristen erabat immunizatuta dauden herritarren kopurua eta %60 dira dosi bat jarrita dutenak. Beraz, hor badago talde handi bat kutsatu daitekeena eta kutsatuko dena horrelako ohiturak mantenduz gero".

Prebentzio neurriak hartzeko gai garen edo ez, horixe da Zubiaren kezka: "gaztetxo hauen burugabekeria hor dago, baina horretaz gain, ikuspegia pixka bat jaso eta ikusi beharko dugu hemendik aurrera zer gertatuko den ohiturak aldatzen ez baditugu. Legedia aldatu daiteke baina ohiturak ez genituzke asko aldatu behar da. Zer gertatuko da gure etxeetan, elkartea edo soziedadeak irekitze ditugunean, tabernetan, "ez festetan"... ez baditugu neurriak mantentzen?" hausnatu du.

Gazteenek ez dutela oraindik txertorik jaso gogorarazi du eta horiek kutsatzeak gaixotasuna hedatzen eta helduagoetara iristen lagunduko duela uste du: "Txertoak eraginkortasun oso altua du baina ez da %100ean eraginkorra. Horregatik, tantaka-tantaka baina banakako batzuk ospitaleratu egin beharko dira. Osasun Sistemak eutsiko dio, ZIUak ez zaizkigu gainezka jarriko baina banakako kasuak espero ditugu".

Gauzak horrela, txertaketa gazteenengana iritsi bitartean agerraldi gehiago izango direla aurreikusten du Donostia Ospitaleko ZIUko arduradunak. Aldaera berriak koronabirusaren bertsioa originala baino kutsakorragoak direla ikusita batez ere: "Txertatu gabeen kopurua handia da oraindik eta kalean transmisioa handitu egingo dela pentsatzea logikoa da. Aldaerei dagokionez, Delta, adibidez, originala baino bi aldiz kutsakorragoa da baina jasaten duenak arinago pasatzen du. Hori bai, lehen kasuen %2 konplikatzen baziren, eta honekin %1 konplikatzen badira, azkenean, kasuak askoz ere gehiago direnez, konplikatzen diren kasuen kopuru orokorra mantendu edo igo egingo da, eta hori da Erresuma Batuan, Belgikan, Portugalen eta Israelen ikusten ari direna, adibidez, Delta aldaera nagusitzen ari da, kasu asko dauzkate baina zorionez ospitaleratze gutxi".

Koronabirusaren aurkako lau txertoak (AstraZeneca, Janssen, Pfizer eta Moderna) aldaera guztiekin direla eraginkorrak direla argi utzi nahi izan du medikuak, eta berriz ere nabarmendu du mundu mailako txertaketa dela aldaera berriak ez sortzeko biderik egokiena.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.