Itxi

Irratia

Kazetaritza sariak

Tecnalia saria, Radio Euskadiko 'La Mecanica del Caracol' saioarentzat

Tecnaliak Donostiako Miramongo Teknologia Parkean duen egoitzan egin da sari banaketa eta Radio Euskadiko 'La Mecanica del Caracol' eta ETB-2ko 'Escepticos' saioak saritu dituzte.

  • Eva Caballero. Argazkia: EITB

    Eva Caballero, Tecnalia sariak. Argazkia: EITB

Radio Euskadiko 'La Mecanica del Caracol' saioa nabarmendu dute Tecnaliako Kazetaritza sarien seigarren edizioan. Eva Caballero 'La Mecánica del Caracol' irratsaioko zuzendari eta gidariak irrati kategorian jaso du saria.

 

'La Mecánica del Caracol' irrati kategorian irabazlea

Eva Caballerok Radio Euskadin astelehenetik ostiralera gidatzen duen 'La Mecánica del Caracol' saioa nabarmendu dute irrati mailan. Irratsaioa 2010ean jarri zen abian, zientzia, teknologia eta historiaren zabalkunderako. Egunero gauza berriak ikastea, zalantzak eta mitoak argitzea eta entzuleei gai zientifikoak ezagutaraztea du helburu.

Epaimahairen esanetan, erronka aise bete du saioak, zientzia eta teknologia gaiak modu argi, dibertigarri eta errazean hurbildu baitizkie entzuleei, horretarako kolaboratzaile sare zabala osatuz.

Tecnaliako Kazetaritza sarien seigarren edizioak 16.000 euro emango ditu guztira. Aurten, lehen aldiz, saria lau kategoriatan banatu da: prentsa idatzia, telebista, irratia eta Internet. Sari-banaketa ekitaldia Tecnaliak Donostiako Miramongo Teknologia Parkean duen egoitzan egin da. Bertan, Javier Ormazabal eta Joseba Jauregizar, Tecnaliako presidentea eta zuzendari nagusia hurrenez hurren, egon dira. Eurekin batera, Jose Angel Sanchez Asiain COTEC Fundazioko zuzendari eta epaimahaiko presidentea, eta Batz, Ikusi eta Ingeteam enpresetako zuzendaritza taldeko kideak.

'Escépticos' saioak aipamen berezia

Jose A. Perez ETB-2ko 'Escépticos' saioaren zuzendariak aipamen berezia jaso du, 2011ko urriaren 24ean eskainitako ¿Modificación genética? erreportajearekin. Bertan, aldaketa genetikoak zer diren eta nola burutzen diren azaltzen dute modu argi eta errazean, eta, bide batez, ingeniaritza genetikoaren gainean izan ditzakegun aurreiritzietatik aldenduz.

Epaimahaiaren esanetan, "teknologiaren eta zientziaren gainean interesik ez duten pertsonengana gai hauek hurbiltzea lortu du saioak, hizkuntza dinamiko eta koloretsua erabiliz, telebista eta interneterako hizkuntza egokia izanik".

Tecnalia sariak

Tecnalia Korporazioa AZTI-Tecnalia, NEIKER-Tecnalia eta TECNALIA Research & Innovation elkarteek osatzen dute. Sari hauen bitartez, ezagupen zientifiko eta teknologikoaren hedapenean laguntzen duten kazetarien lana nabarmendu nahi dute.