Irratia
Apirilaren 30ean
Programazio berezia, Radio Euskadiren 30. urteurrenean
A.H.
EITB
Apirilak 30ean, hausnarketa gune bihurtuko da Radio Euskadi: entzuleak izango ditu protagonista, eta etorkizunari aurre egiteko ideia eta iritzien bozgorailua bihurtuko da.
-
Radio Euskadik 30 urte bete ditu.
30. urteurrenaren ospakizunen barruan, programazio berezia prestatu du Radio Euskadik datorren apirilak 30erako. Egun horretan, entzuleei emango die ahotsa, eta etorkizunaren gainean duten iritzi eta ikuspuntua emateko aukera izango dute.
Radio Euskadik 30 urte bete ditu, eta heldutasunera iritsi den honetan, ez du bakarrik entzuleekin bizitako hiru hamarkadak gogoratu nahi izan. Aurrera begiratzeko momentua iritsi zaio, eta etorkizunak dakarrenaren aurrean hausnartzeko ordua. Nola irudikatzen ditugu datozen urteak? Nola ikusten dute irratiko entzuleek bizi dugun egoera politiko, ekonomiko eta sozial larria? Zein irtenbide ikusten diote egoerari?
Programazio berezia
Esan bezala, etorkizunari aurre egiteko ideien bozgorailua bihurtuko da Radio Euskadi 24 orduz. Datorren apirilaren 30ean, irratiko saio guztiek, bakoitzak bere alorrean (kirola, kultura, politika, etab), etorkizunaren gaineko iritziak bilduko dituzte. Horretarako, belaunaldi ezberdinetako entzuleek parte hartuko dute solasaldi mahaien inguruan.
Goizeko 'Boulevard'ak adibidez, bi solasaldi mahai izango ditu. Lehenengoak partaide heldu eta eskarmentu handikoak izango ditu, besteak beste: Itziar Laka, Guillermo Dorronsoro, Lourdes Fernandez eta Pedro Luis Uriarte. Solaskide gazteagoek osatuko dute bigarren debatea: Erica Liquete, Iruri Knörr, Aratz Castro eta Jon Bernat Zubiri Rey. Bi solasaldi ezberdin izan arren, saioaren amaieran elkarrekin bat egingo dute, eta ideia ezberdinen gaineko solasaldi zabala eskainiko da.
Horrez gain, gizarteko pertsonaia nabarmenenen gogoetek ere tokia izango dute programazio bereziaren barruan, eta egunean zehar eskainiko dira pieza txikietan banatuta.
Irratia, barrutik
Gainera, ospakizun garaia dela eta, Radio Euskadik ate irekietako jardunaldi bereziak antolatuko ditu, Bilboko instalazio berriak ezagutzen ez dituzten entzule guzti horiek irratiko estudioetara hurbildu daitezen.
Horrela, nahi duten entzuleek 'Boulevard', 'Somos Cómplices', 'La Jungla Sonora','La Mecánica del Caracol', 'Graffiti', 'La Casa de la Palabra', 'Ganbara' eta 'Más Qué Palabras' irratsaioak zuzenean ezagutzeko aukera izango dute.
30 urteko historia
1983ko martxoaren 31n hasi zituen Radio Euskadik bere lehenengo emisioak, eta ordutik aurrera, ez dio munduari konektatua egoteari utzi. Azkeneko hiru hamarkada hauetan euskal gizartea asko aldatu da, baita irratiko profesionalen lan egiteko modua ere. Aldaketa hauek, ordea, gizartearen erritmora eman ditu irratiak, entzuleen leialtasuna galdu gabe, eta haiekin batera aldatuz.
Izan ere, Radio Euskadik 30 urte bete dituen honetan, bataz beste, 234.000 entzule ditu egunero, Estudio General de Mediosen azkeneko neurketaren arabera. Joan zen urtearen amaieran baino 25.000 entzule gehiago.
30. urteurrena ospatzeko, martxoak 31tik hasi eta hurrengo apirilak 30era arte hainbat saio berezi eta solasaldi ezberdin eskaini ditu irratiak, azkeneko hiru hamarkada hauetako historia hizpide hartuta. Horrez gain, webgune berezia dago eitb.com-en, Radio Euskadiren ibilbidearen gaineko argazki, bideo eta informazio guztiarekin.