Itxi

Irratia

Udako programazioa

Astelehenean hasiko du udako denboraldia Euskadi Irratiak

A.E.

Euskadi Irratia

Aktualitateak, ahots berriek eta kirol emankizunek jantziko dute udako eskaintza.

Uztailarekin batera hasiko da uda Euskadi Irratian. Euskarazko irrati eskaintza berritu egingo da uztail eta abuztuan, eta ahots berriak agertuko dira mikrofono aurrera.

'Faktoria' magazina Oihane Yustosek gidatuko du astelehenetik ostiralera. Bederatzietan hasita, aktualitatea eta entretenimenduz jantziko du irrati-goiza eskarmentu handiko lantalde profesionalak lagunduta. Yustosek Euskadi Irratian egin du bere ibilbide profesional osoa eta, azken urteotan, Gasteizko ordezkaritzan egin du lan. Uda honetan, kronika politikoan erabili duen ikuspegi zorrotza eta elkarrizketak egiteko gaitasuna konbinatuko ditu 'Faktoria'n.

Eguerdiarekin batera, Itziar Arangurenek hartuko du lekukoa Euskadi Irratian. Arangurenek 'Udan blai!' saio freskagarria gidatuko du, eta lekua egingo die Euskal Herriko festei eta kultur ekitaldi nagusiei. Musikak ere tarte berezia izango du eta, Iker Lauroba kantariak gonbidatuta, astero ekarriko dute Euskal Herriko talde bat irratirako propio antolatutako musika emankizuna egitera.

Eguerdiko albistegi nagusiaren ondoren iritsiko da udako euskarazko irratigintzan klasiko bihurtzen ari den eskaintza: 'Bihotzeko fonoteka'. Arantxa Iturbe eta Nekane Peñagarikanok gidatuta, Euskal Herriko gizarte arlo diferentetan ari diren pertsona ezagunek euren gustuko hamar kanturen aurkezpena egingo dute egunero 15:00etan hasita. Besteak beste, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko lehendakariak, Josu Bereziartua mendizaleak, Xabier Usabiaga kazetari eta txirrindulari adituak, Maider Unda borrokalariak, Miren Agur Meabe idazleak eta Laura Mitengi EH Bilduk Legebiltzarrean duen bozeramaileak egingo digute euren bihotzeko kantuen aukeraketa.

Jon Plazaolaren 'Sargori' izango da udako arratsaldetako nobedade nagusia. Musika saio entzungarria egingo du uztailean, kantu eta kantarien historia eta udako kontakizun bitxiak uztartuta.

Kiroletan, txirrindularitza itzuli handiak eta estropadak

Kirolek, nola ez, tarte berezia izango dute udako irrati eskaintzan. Arratsaldeko lauetatik seietara luzatuko da txirrindularitza proba nagusien kontakizuna. Joxe Mari Apaolazak zuzenduta talde zabala bilduko da Euskadi Irratiko mikrofonoetara Frantziako Tourraren eta Espainiako Itzuliaren azken kilometroen erretransmisioa eta analisia egiteko. Ander Altuna arituko da kontaketan eta aditu lanetan, berriz, Txomin Perurena eta Xabier Artetxe.

Eta gaur egunekoak bezala, txirrindulari izandakoen testigantzak ere ekarriko ditu Joxe Mari Apaolazak. Asteazken, ostegun eta ostiraletan, 21:30ean, bizikleta gainean ibilbide profesional handia egindako kirolari profesionalen elkarrizketak bilduko ditu 'Oroimena Pedalkadaz' izeneko saioan.

Txirrindularitzak ez ezik estropadek ere ekarriko dute udako kirol hotsa. TKE ligako estropada guztien berri emango du Euskadi Irratiak. Manu Maritxalarrek egingo du kontakizuna Juan Angel Garmendiaren laguntzarekin.

Pilotan, udako torneo guztien kontaketa ere egingo dute.

Aktualitatearen jarraipena, gertutik

Albistegiek, urtean zehar izan duten ordu erreferentzia berak izango dituzte. 'Albiste Faktoria'k eguneko albiste nagusien kontakizuna egingo du goizeko 07:00etatik 09:00etara. 'Goizak Gaur', 'Egunak Gaur' eta 'Egun Bete' albistegiek osatuko dute aktualitatearen kontakizuna Euskadi Irratian.