Itxi

Irratia

Gaztearekin ingelesa ikasi

Lingua Gaztea, Gaztea eta Mondragon Linguarekin ingelesa ikasiz

A.E.

Momentuko musikaz baliatuz, ingelesa ikasteko modu entretenigarria asmatu dute Gazteak eta Mondragon Linguak

Lingua Gaztea, momentuko abesti ezagunen letrak oinarri hartuta ingelesa ikasteko ekimena, jarri dute abian Gazteak eta Mondragon Linguak.

Lankidetzari, Jon Lamarka Gazteako koordinatzaileak eta Joseba Bartolome Mondragon Linguako Komunikazio eta Marketing arduradunak hitzarmena sinatuz ekin diote. Gustura agertu dira biak hasitako bidearekin: EiTBko irrati gazteak eta ingelesa irakasten eskarmentu zabala duen akademiak ahaleginak batzeak emaitza onak izango dituela adierazi dute.

Momentuko ingelesezko kanturik arrakastatsuenak hartuko dituzte oinarri Lingua Gaztean, Gazteako zerrendetan entzuleek gustukoen dituzten abestiak, alegia. Astero, hit baten letra aztertuko dute, eta kantu bakoitzeko ingelesezko esamolde bat ulertu eta ikasteko aukera eskainiko du tarteak. Avici, Imagine Dragons, Eminem eta Rihanaren kantu arrakastatsuenak aukeratu dituzte, besteak beste.

Gaztean izango da Lingua Gaztea entzungai; adierazpen txiki bat eta kantuan nola erabiltzen den azalduko ditu Olatz Arsuaga irakasleak, eta jarraian, kantua oso osorik entzungo dugu, esamoldea nola erabili den ikasteko. Halaber, irratian entzundakoaren osagarri, Gazteak eta Mondragon Linguak bere web atarietan gune bat garatuko dute. Bertan, kantuaren bideoklipa eta ariketak jarriko dira, jolas moduan, entzuleek lezioa ikas dezaten.

Jolasa da helburua: musikak ingelesa modu entretenigarrian erakusteko aukera ematen baitu asmo honek. Gazteek gogokoen dituzten momentuko abestien esanahia landuz, hizkuntzaren esamoldeak kantuen bitartez ikasiz.

Mondragon Linguak bere esperientzia jarriko du asmo honetan: "Ingelesaren irakaskuntza bizi, hurbila eta gizarteari lotuta izateko ahalegin ezin hobea dela deritzogu", dio Joseba Bartolomek, Mondragon Linguako arduradunak.

Lehen aldiz, irratiz eta euskaraz ingelesa irakasten

"Badakigu irrati entzule gazteak euren abesti kuttunen letra eta itzulpenen bila ibiltzen direla. Beraz, Lingua Gaztea eskari bat betetzera dator. Gainera, lehen aldiz, irratiz ingelesa ikasteko euskara da abiapuntua", azpimarratu du Lamarkak. "Egungo gazte askok ingelesa ondo ulertzen dute, baina esamoldeak eta hitz jokoak ikasi nahi ditugunean, zailtasunak topatzen ditugu. Zergatik erabiltzen da halako estruktura? Edo, zer esan nahi du esamolde honek testuinguru honetan? Horixe da gure helburua: jolasean, eta hain gogoko ditugun artisten eskutik, ingelesaren ezagutza zabaltzea, euskararen eskutik gainera."

Lingua Gazteak, hasteko, proposamen hauetako bat izango du astero: The Lumminers-en 'Ho Hey', Avicciren 'Hey Brother', Pink ft. Nate Ruess-en 'Just Give Me A Reason', Pharrell Williams-en ' Happy', Imagine Dragons-en 'Demons', Eminem ft. Rihanna-ren 'The Monster Lorde' eta Royals Bastille-ren 'Of The Night'.