Irratia
Aurkezpena
Radio Euskadiren historiari buruzko liburua aurkeztu dute
EITB.EUS
EiTBk eta Ekin argitaletxeak elkarlanean argitaratu duten liburuak lau atal ditu, bakoitza Radio Euskadiren garai bati dagokio, eta, halaber, irratian lan egin duten lagun guztiak omendu nahi ditu.
EiTBk La Historia de Radio Euskadi. Guerra, resistencia, exilio, democracia Leyre Arrietak idatzitako liburua aurkeztu du ostiral honetan Bilbon. Bertan, euskal irratiaren historia bildu du, 1936ko gerraren testuinguruan abiatu eta gaur egungo sasoi digitaleko EiTBraino.
Liburuak bilakaeraren garai guztiak jaso ditu, helburuak, estiloa eta baita irratiko istorio propioak ere.
Bilbon aurkeztu dute, eta hauek izan dira bertan: Leyre Arrieta, egilea eta Deustuko Unibertsitateko Historia Garaikidean katedraduna; Xabier Irujo, Nevadako Renoko Euskal Ikasketen Zentroko irakaslea, proiektuaren zuzendari eta liburuaren argitaratzailea; Odile Kruzeta, EiTB Irratiaren zuzendaria, eta Radio Euskadiren Venezuelako garaia bizi izan zuten Iñaki Anasagasti politikaria eta Arantzazu Amezaga idazlea.
Liburuak Radio Euskadiren historia osatzen duten lau garaiak errepasatu ditu (gerra, erresistentzia, erbestea eta aro digitala), eta irratiaren historian parte hartu duten pertsona guztiak omendu nahi ditu.
Bestalde, lan honek irratia hainbat aldiz ixtea eta berriro zabaltzea eragin zuten egoerak aztertu ditu, baita bolada bakoitzeko helburu eta barruko ezaugarriak ere. Horrez gain, egiatzat hartutako hainbat informazio gezurtatu ditu, eta isilarazitako edo ezezagunak diren zenbait pasarteri buruzko datu berriak jaso ditu.
Irratiak bizitako garai bakoitzaren ikuspegia, programazioaren ezaugarriak eta edukiak unean uneko testuinguru historikoarekin, eta zuzendari bakoitzaren komunikazio eta zabalpen estrategiarekin dute zerikusia. Hartara, irrati honen historia euskal herriaren historiaren zati baten isla da, eta, bereziki, lehen Eusko Jaurlaritza eta erbestearen isla.