Irratia
2017-2018
Eskaintza handiagoa eta pertsonalizatuagoa lortzea EiTBko Irratien helburua
A.E.|EiTB
irailaren 4an ekin diote Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak,Gazteak eta EiTB Musikak denboraldi berriari.
Irrati-eskaintza handiagoa eta pertsonalizatuago bat lortzea izango da EiTBko irratien helburua irailaren 4an hasi den denboraldirako, Odile Kruzeta EiTB Irratiaren zuzendariak adierazi duenez. ‘Gertutasunak ematen duen indarrarekin eta teknologia berriez baliatuta’ egingo diote aurre ahalegin horri.
'Euskadi Irratiaren kasuan, hurbiltasunak garrantzi handia izango du programazioaren ardatz garrantzitsu gisa' adierazi du Odile Kruzeta EiTBko Irratiaren zuzendariak. Maite Artolak beste denboraldi batez berrituko du aktualitatearekin duen konpromisoa, eta bere esku egongo da 'Faktoria' albistegiko gidaritza albistegiaren tartean. Goizeko lehen ordutik, informazioa ez ezik, protagonisten ahotsak, adituen ekarpenak, analisia eta gogoetarako tarteak eskainiko ditu, prestigiozko kolaboratzaile sare zabal baten laguntzarekin.
Aipagarria, baita ere, bigarren denboraldiari ekiteko prest izango direla, irailean, Alaia Martin eta Artzen Letona 'Zubiak' saioko gidariak. Euskadi Irratiak eta France Bleu Pays Basque irratiak elkarlanean ekoitzitako saioa asteazken gauetan entzungo dugu. Aurten, Nafarroako irratien kolaborazioa ere izango dute, esaterako, Euskalerria Irratiarena.
Joseina Etxeberriak Gazteatik Euskadi Irratira jauzi egingo du
Musikaren atalean, berriz, 20 urtez Gazteako mikrofonoa karismaz bete ondoren, Joseina Etxeberria esatari ezagunak jauzi bat emango du eta Euskadi Irratira abiatuko da, denboraldi berrirako. Irailetik aurrera, beraz, Euskadi Irratiko 'Kantu Kontari' saiotik zabalduko ditu, Joseina Etxeberriak, musikarekiko duen pasioa eta ezagutza.
Halaber, lan-moldeak berrituta ekingo dio Radio Euskadiko 'Boulevard' albistegiari. 'Euskal gizarteko gertakari, pertzepzio eta emozioak hurbil-hurbiletik bizi, jaso, transmititu eta partekatzea da asmoa' azaldu du Kruzetak. Dani Alvarez-ek gidatutako ekipora, ETBko albistegietan esperientzia handia hartutako Marian Etxeberria kazetaria bilduko da, zuzendariorde gisa. Horrez gain, lantaldea indartu egingo da goizeko lehen orduan, azkarrago iritsi ahal izateko albiste-puntu beroetara eta presentzia sendoagoa emateko informazioari, testigantzei eta analisiari, tokian tokitik arituta.
'Pompas de Papel'ek 30 urte
Eta urteurren bat ere ekarriko digu denboraldi berriak. Hain zuzen ere, aurtengo udazkenean 30 urte beteko ditu Radio Euskadiko 'Pompas de Papel' literatura-saio enblematikoak. Ospakizunerako festa Bilboko kafe Antzokian egingo da eta bertatik pasatuko dira literaturako eta kulturako izen ospetsuak. ‘Esan gabe doa, Pompas-en jarraitzaile guztiek gonbitea dutela festan parte hartzeko’.
Radio Euskadik eta Radio Vitoriak indarrak batuko dituzte
2017-2018 denboraldi honetan urrats berriak emango dira sinergiaren bidetik, Radio Euskadiren eta Radio Vitoriaren artean EITBko irratien arduradunak dioskunez. Guztiak ere, albistegien arloa hobeto ordenatzeko asmotan eta eginkizunak hobeto zehaztearen alde emandako urratsak izango dira. Esate baterako, goizeko 7etatik 7:30etara bitarteko albistegia elkarrekin emitituko dute Radio Euskadik eta Radio Vitoriak. Baita 8:00etako albistegiaren sarrera eta titularrak ere. Ordu horretatik aurrera, 'Araba Gaur-1' tarte informatiboari egingo zaio lekua. Maritxu Diez izango da gidaria, baina bere taldera ekarriko du Edurne Trascastro, bigarren editore gisa aritzeko, estreinakoz. Era honetan, Radio Vitoriako albistegi sailak Arabako informazioaren jarraipenean zentratuko ditu bere ahalegin guztiak.
Bestalde, Radio Vitoriaren eguneko azken albistegia, , 'Araba Gaur 3', arratsaldeko 18:00etan eskaini da orain arte baina aurrerantzean 20:30etan emitituko da, 'Ganbara' magazine informatiboan integratuta. 'Ganbara'-ren eskaintza informatiboa, beraz, lurraldeko albiste garrantzitsuenez osatuta etorriko da Arabako entzuleentzat.
Radio Vitoriaren ildotik jarraituz, azpimarratzekoa da marka indartzeko asmoz denboraldi berri honetan egingo den aldaketa garrantzitsua. Izan ere, goizeko programazioa 'Radio Vitoria Gaur' izeneko kontenedore mardul batean bilakatuko da, non zuzeneko konexio eta erretransmisioek protagonismo handia izango duten. Arratsaldeko programazio osoa, berriz, 'La Tarde de Radio Vitoria' kontenedorera pasatuko da. Esan gabe doa, berrikuntza hau Radio Vitoria markari fokoa jartzera datorrela.
'Premium', gazteentzat informazioa
2017-2018 denboraldiko nobedadeen artean azpimarratzekoa da, bereziki, Gazteak proiektu informatibo berezi bati helduko diola aurten. 'Izan ere, gazteen interes informatiboak, informazioa kontsumitzeko dituzten moduak eta informazioa eskuratzeko jarraitzen dituzten bideak bereziak dira’ gaineratu du EiTBko irratietako arduradunak . Gazteei zuzendutako albistegi propioa eskainiko du Gaztea emisorak 13:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera. Saioaren izenburua, 'Premium' izango da eta Ainhoa Urretabizkaiak gidatuko du. Bertan, aktualitateaz gain, sare sozialetan gertatzen ari dena, musikaren inguruko nobedadeak eta ordura arteko irratsaioetako unerik onenak eskainiko dira.
Streaming bidezko irrati-eskaintzak antenakoa osatuko du
Teknologiak aukera ematen du irrati-eskaintza handiagoa eta, aldi berean, pertsonalizatuagoa egiteko. Beraz, streaming sistemaz baliatuta, azarotik aurrera, EiTBko irrati konbentzionalek eutsi egingo diote euren ohiko programazioari nahiz eta antenan programazio berezia eskaini. Alegia, programazio berezi modura futbol partidu bat erretransmititzen dugunean beste saio baten ohiko orduan, esaterako, 'Ganbara'ren orduan edo 'Zidorrean' musika saioaren orduan, entzuleek aukeran izango dute zer entzun. Irrati bidez entzun ahal izango dute futbola eta streaming bidez jaso ahal izango dituzte bai Ganbara edota bai Zidorrean. Azaroan emango den urrats honek,beraz, atea irekiko du EiTBko irratiek eskaintza zabalago bat landu dezaten eta jende gehiagorengana iritsi daitezen. ‘Azken finean, horretanxe datza EiTBko irrati publikoen oinarrizko eginkizuna: euskal gizarte osoari, denei, zerbitzu ematen ahalegintzea’ amaitu du Kruzetak.