Itxi

Irratia

Ume lapurtuen auzia

Munilla: 'Ez dago erlijiosoen ustezko parte-hartzeari buruzko daturik'

Erredakzioa

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Donostiako gotzainak kolaborazioa eskaini die SOS Bebes Robados elkarteari eta Fiskaltzari.

  • Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina. EFE

    Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina. EFE

Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak adierazi du ez dagoela daturik XX. mendeko 40ko eta 90eko hamarkaden artean Espainian izan ziren jaioberri lapurretetan erlijioso gipuzkoarrik nahasita dagoela ondorioztatzeko.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, gotzainak azaldu du batzartu egin dela SOS Bebes Robados elkartearekin eta Donostiako fiskalburuarekin, ikerketan kolaborazioa eskaintzeko.

Nolanahi ere, Elizaren bataio artxiboak ez direla lagungarriak izango ohartarazi du, izan ere, "delituaren egileek faltsutu egingo zituzten erregistro zibileko datuak, eta horrela [faltsututa] helduko ziren Elizara".

Gipuzkoa haur lapurtuen auzian ikerketa judizial gehiago abiatu duen lurraldea da, baina horietako bederatzi dagoeneko artxibatu dituzte, epaileak ez baitu delitu zantzurik sumatu.