Arrauna
Sestaoko Bandera
Oriok bereganatu du Sestaoko Bandera, Eusko Label Liga irabazteko faborito nagusia dela berretsita
G. P. A. | EITB Media
Gorka Aranberri patroiaren mutilek bitik bi bandera irabazi dituzte ligaren hasieran. Bilboko itsasadarrean, Zierbena izan da bigarrena eta Urdaibai hirugarrena.


Denboraldia bikain hasi du Oriok. Liga hasi aurretik txapelketa ofizial guztiak irabazi ostean, Eusko Label Ligako lehen bi jardunaldietan gailendu dira Gorka Aranberriren mutilak: atzo Bilboko itsasadarrean jokatutako erlojupekoan azkarrenak izan ziren, eta gaur Sestaoko Bandera bereganatu dute. Zierbena izan da bigarrena eta Urdaibai hirugarrena.
Estropada oso parekatuta abiatu da. Orio eta Zierbena parean joan dira une oro, eta lehen ziabogaren ostean, Bizkaiko ontziak aurrea hartu dio, segundo bakarreko aldea aterata izan bada ere.
Pixka bat atzerago, hiruzpalau segundora, Urdaibai eta Donostiarra lehian izan dira, eta bigarren luzean epaileak Bermeoko patroiari ohartarazpena egin behar izan dio, Gipuzkoako ontzira gehiegi hurbildu direlako.
Estropada hirugarren luzean hautsi da. Orio azkarrago atera da bigarren ziabogatik, eta, apurka-apurka, atzean utzi du Zierbena, zazpi segundoko aldea hartzeraino. Gorka Aranberriren kuadrillak ondo kudeatu du abantaila, eta bigarren garaipena lortu du jarraian Eusko Label Ligaren hasiera honetan.
Zierbena izan da bigarrena, bost segundora, baina, une batez, postu hori galtzeko arriskuan egon da; izan ere, Urdaibaik lan ona egin du, eta azken luzean tartea jan dio Zierbenari, helmugan segundo bakarrera sartzeko.
Donostiarrak, berriz, bosgarren bukatu du proba, laugarren tokia kendu baitio bigarren txandan lehiatu den Hondarribiak, ehunenengatik izan bada ere.
Bestalde, gaurkoan, San Juan atzo baino hobeto aritu da, eta bederatzigarren lekuan amaitu du. Lekittarrak, berriz, pott egin du, besteak beste, lehen kaleko baldintza txarren ondorioz, eta berea izan da denborarik okerrena Sestaoko estropadan.

Sestaoko Banderaren sailkapena.

Eusko Label Ligako sailkapen nagusia.