Arrauna
San Miguel Liga
Kaiku, liga irabazteko prest
Erredakzioa
Sestaoko traineruak larunbatean bertan irabaz dezake hirugarrenez San Miguel Liga. Bermeo Hiriko XXXI. Ikurrina baino lehen, kanporaketako lehen play-offeko lehen jardunaldia jokatuko da.
-
Kaiku, Liga irabazteko prest. Argazkia: EFE
Bermeon hasiko da San Miguel Ligako azken asteburua, bertan jokatuko baita larunbatean denboraldiko 18. estropada puntuagarria, San Miguel Ligako azken-aurrekoa: Bermeo Hiriko XXXI. Ikurrina.
Estropada 18:00etan hasiko da, igotzeko kanporaketako lehen jardunaldia abiatzeko. San Miguel Ligako 11. sailkatuak (Zumaia Altuna y Uria), KAE-1 Ligako lehen bi sailkatuak (Zierbena-Bahias de Bizkaia eta Lekittarra BM) eta Galiziako Traineru Ligako txapeldunak eta txapeldunordeak (Samertolameu Meira eta Cabo da Cruz, hurrenez hurren) hartuko dute parte.
Bost ontziek erlojupekoan egingo dute arraun, eta kale beretik abiatuko dira minutu bateko tartearekin. Lehen estropadako garaileak bost puntu lortuko ditu, eta ondorengo sailkatuek, puntu bat gutxiago bakoitzak. Bi estropadetako puntuak batu ostean, puntu gehien dituzten bi klubek lortuko dute San Miguel Ligan lehiatzeko saria.
San Miguel Ligari dagokionez, protagonista nagusia Kaiku Ambilamp izango da, gauza arraroren bat gertatu ezean, TKEko historiako lehen kluba izango delako La Caixa Koroa jabetzan lortzen. Sestaokoek errenta ia gaindiezina dute Bermeoko estropadaren atarian: 16 puntukoa. Berdeek larunbatean bertan irabaz dezakete hirugarrenez San Miguel Liga, estropada bukatuta bigarren sailkatuari 12 puntuko aldea ateratzen jarraitzen badute.