Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Kontxarako sailkatze-estropada

Helburua: lehen zazpi postuetako bat eskuratzea

Erredakzioa

Kontxan aritzeko sailkatze-estropada ostegun arratsaldean egingo dute Donostian. Beti bezala, tentsio handiko proba izango da; izan ere, inork ez du huts egin nahi.

  • Orio itxaropentsu doa Donostiara. Argazkia. EiTB.

    Orio itxaropentsu doa Donostiara. Argazkia. EiTB.

San Miguel Ligako ontzi indartsuenek ez dute huts egin nahi ostegun arratsaldean, Donostian, Kontxako Banderan aritzeko sailkatze-estropadan. Hitzordua 17:30ean da, neskentzat, eta 18:00etatik aurrera mutilentzat. eitb.eus-ek eta ETB1ek zuzenean emango dute estropada 16:30etik aurrera.

Hondarribia (San Miguel Ligako lehen postuan dago) da faborito nagusia, gipuzkoarrek hamabi bandera irabazi baitituzte erregulartasuneko lehiaketan. Urdaibai sasoi betean dabil, aurreko asteburuan Zierbenan erakutsi zuenez, eta Orio denboraldi bikaina ari da egiten, onenen parean beti. Horiek dira, orain arteko emaitzak kontuan izanda, talderik indartsuenak, baina Kaiku ere horiekin batera kokatu behar da; izan ere, Sestaoko ontzia beti ibiltzen da ondo Donostiako badian.

San Juan, Cabo, Tiran eta San Pedro ere itxaropentsu doaz Gipuzkoako hiriburura, eta horiek ere nahi dute egon urteko estropadarik estimatuenean. Ligako lehen lau sailkatuek aurreikuspena betez gero, hiru toki gehiago geratuko lirateke gainerakoentzat. Azken lau talde horiek, hortaz, jomuga argia dute: zortzigarren postua saihestea. Izan ere, Kontxan lehiatzeko atarian bertan uzten du postu horrek.

San Miguel Ligako gainerako taldeak ustekabea ematen ahaleginduko dira, baina, denboraldiko sasoi honetan, gehienek beste helburu batzuk dituzte gogoan.

Emakumezkoetan, San Juan eta Zumaia

Emakumezkoetan, San Juan eta Zumaia dira faboritoak. Euskotren Ligan lehen bi postuetan daude, eta horiek irabazi dute Kontxako Bandera azken bi urteotan (Zumaiak, 2013an; San Juanek, iaz). Ostegunetik bertatik saiatuko dira euren nagusitasuna erakusten.