Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Sestaoko Bandera

Santurtzik bere bigarren bandera irabazi du, eta Oriok geldiezin jarraitzen du

Agentziak | Erredakzioa

Sotera azkarrena izan da Eusko Label Ligako estropadan, Zierbenaren aurretik. Euskotren Ligan, berriz, Oriok denboraldiko seigarren garaipena lortu du.

2:18
Santurtziko trainerua

Santurtzik bere bigarren garaipena lortu du Eusko Label Ligan, ohorezko txandan Oriori, Hondarribiari eta Donostiarrari gailendu ostean. Euskotren Ligako estropadan, berriz, Orio jaun eta jabe izan da, berriro ere, eta seigarren bandera irabazi du orain arte jokatutako zazpi jardunaldietan.

Oriok jaun eta jabe izaten jarraitzen du Euskotren Ligan. Igande honetan, oriotarrak azkarrenak izan dira Sestaoko Udaleko bigarren banderan, eta gero eta sendoago daude ligako lidergoan.

Horiek denboraldiko seigarren garaipena lortu dute eta estropada bakarra galdu dute emakumezkoen ligan.

'Txiki' trainerua lehenengo tokian iritsi da lehenengo ziabogara, eta helmugan ere lehenak izan dira 10 minutu eta 40 segundoko denbora eginda. Bost segundoko aldea atera dio Arraun Lagunaki, 11 Donostiarrari eta 19 Hondarribiari.

Sailkapen nagusian, Orio lehen tokian da Arraun Lagunaken aurretik. Azken tokia saihesteko lehian, Donostiarrak bi puntuko aldea du Hondarribiarekin.

Eusko Label Ligako estropadari dagokionez, garaipena Santurtzik lortu du; denboraldiko bigarren bandera da bizkaitarrentzat. Sotera ontzia azkarrena izan da txanda nagusian Orioren, Hondarribiaren eta Donostiarraren aurretik.

Bizkaitarrek hasieratik hartu dute aurrea, eta Orio 5-6 segundora eraman dute. Estropadako bigarren postua bigarren txanda irabazi duen Zierbenarentzat izan da. Zierbena, Urdaibairi, Ondarroari eta Cabori gailendu zaie txanda horretan. Estropadako hirugarren postua Oriorentzat izan da, laugarrena Urdaibairentzat eta bosgarrena Hondarribiarentzat.

Lehen txandan Kaiku nagusitu da, Astillero bigarren izan da, San Pedro hirugarren eta Lekittarra laugarren.

Ligako sailkapen nagusiari dagokionez, Orio lider da lau bandera eta 110 punturekin, bigarren Zierbena dago 98 punturekin, Hondarribiak 97 puntu dauzka eta Santurtzik 96.