Arrauna
Bermeon eta Portugaleten
Iritsi da Eusko Label eta Euskotren ligetako 'playoff'en ordua
Agentziak | Erredakzioa
Bederatzi arraun elkartek hartuko dute parte, gizonezkoen eta emakumezkoen artean, eta lehia bi estropadetan erabakiko da, biak erlojuaren kontra.
-
Zarauzko ontzia
Bermeon eta Portugaleten jokatuko dira 2020ko Eusko Label eta Euskotren Ligetako ‘playoffak’, larunbat eta igande honetan. Orotara, bederatzi traineru lehiatuko dira, bost gizonezkoetan eta lau emakumezkoetan.
Gizonezkoetan, bi txartel daude jokoan, eta Zarautz, azken aurreko sailkatua Eusko Label Ligan, bere lekua defendatzera aterako da. Pedreña, San Pedro (txapelduna eta bigarren sailkatua), Tiran eta Samertolameu, Galiziako ligako lehenengo biak.
Aurten bost ontziek elkarren aurka indarrak neurtu zituzten proba bakarra Kontxako Banderako sailkatze-jardunaldian izan zen. Bertan Zarautz izan zen onena, zazpigarren eginda eta bandera jokatzeko sailkapena lortuta. Gainontekoak, Pedreña, San Pedro, Samertolameu eta Tiran kanpoan geratu ziren, ordena horretan.
Emakumezkoetan, Hondarribiak bereari eutsi nahi dio
Emakumezkoen lehian, Hondarribia Euskotren Ligako azken sailkatuak onenekin lehiatzen jarraitzeko borroka egingo du Tolosa eta Hibaika ETE ligako lehenengo biekin, eta Cabo Galiziako ligako txapeldunarekin.
Boirokoak Kontxako Banderatik kanpo geratu ziren Hibaikarekin 10 segundo galduta, eta Tolosaldeak Hondarribiak baino denbora hobea egin zuen sailkatze-estropada horretan.
Estropada guztiak erlojuaren kontra jokatuko dira. Larunbatekoa (18:20ean) Bermeon izango da, itsaso zabalean, eta igandekoa (11:40ean) Nerbioi Itsasadarrean, Portugalete parean.