Arrauna
Uztailak 18
Getxoko Bandera 2021: Estropada eremuaren nondik norakoak eta marearen iragarpena
EITB MEDIA
Algortako Portu Zaharrean jokatuko dira igandeko estropadak. 2006tik Getxoko Ikurriña ACTko egutegian dago.
-
Getxoko Banderaren estropada eremua
Eusko Label Ligak eta Euskotren Ligak denboraldiko egutegiarekin jarraituko dute, eta igande honetan Getxoko Portu Zaharrean arituko dira 16 traineruak. Udako hitzordu klasiko bihurtu da, izan ere, 2006tik Getxoko Ikurriña ACTko egutegian dago.
Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako seigarren jardunaldiak jokatuko dira Getxoko Estropaden XLIII. Ikurriña - J.A. Agirre Lehendakariaren XVII. Omenaldia eta Getxoko XIII. Ikurrina - J.A. Agirre Lehendakariaren XVII. Omenaldia jokatzearekin batera
Goizeko 11:30etatik ETBk eta eitb.eus-ek zuzenean emango dituzte bi estropadak.
Estropada eremua:
Algortako Portu Zaharraren parean kokatzen da Getxoko estropada eremua. Hantxe daude barruko balizak; kanpokoak, berriz, Arrigunagako hondartzaren parean. Poparean aritzeko liga osoko estropadarik eremurik egokienetako da Getxokoa, beti ere horretarako baldintzak ematen badira, noski. Barruko balizetan metro eta erdiko hondoa baino ez dago urteko itsasbeherarik handienean; kale guztietan berdina. Olatuak harrotzen dira, beraz, eremuaren gune horretan. Kanpoko laugarren balizan 11 metroko sakonera dago, baina lehenengoan 7 metrokoa baino ez. Beraz, kale horretan errepunpa gehiago sortzen da.
Eremu osoan mantentzen da joera hori; alegia, sakonera gutxiago lehenengo kalean laugarrenean baino. Luze erdian, esaterako, 12 metro laugarren kalean eta 6 baino ez, lehenengoan.
Itsasoko baldintzei dagokionez, metro erdi pasatxoko hondoko olatuak izango ditugu baina itsas gora 11:46 inguruan izango da, eta urak buelta ematen duenean haizetxo pixka bat altxatu daiteke ipar ekialdetik.