Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

EUSKO LABEL LIGA

Santurtzi garaile ligan, bigarren urtez jarraian

A. A. | EITB MEDIA

'Sotera' ontzikoek ezin hobeto amaitu dute denboraldia, El Corte Ingles Bandera ere irabazi baitute Oriori bi segundogatik aurre hartuta.

  • Santurtziko arraunlariak garaipena ospatzen.

    Santurtziko arraunlariak garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Ez da ezustekorik izan Eusko Label Ligako azken jardunaldian, eta, hartara, Santurtzik irabazi du 2021eko ekitaldia, jarraian eskuratzen duen bigarrena, hain zuzen ere. Gainera, modurik onenean egin dute, Portugaleten lehiatu den XLVII. El Corte Ingles Banderako estropada ere bereganatu baitute.

Moreek nahikoa zuten estropada deskalifikaziorik jaso gabe amaitzearekin, joan zen urtean jantzi zuten koroa berriro lortzeko. Izan ere, Bermeon lortutako garaipenarekin 8 puntuko aldea ateratzen zion uda guztian bere lehiakide zuzena izan den Hondarribiari, baina ez dira horrekin konformatu eta ginga ezin hobea jarri diote denboraldi ikusgarriari. Bizkaitarrek ligako koroa erdiesteaz gain, zortzi estropada irabazi dituzte, eta Kontxako Banderan ere nagusi izan ziren, orduantxe ere Hondarribiaren aurretik.

Soterak Kantauri itsasoan izan duen nagusitasuna berretsi du azken estropadan ere, eta, azkenerako, Orio gainditu du zirrara handia izan duen azken buruz burukoan.  Laugarren kaletik aritu diren horiek denborarik onenak egin dituzte joaneko luzeetan, eta hirugarrenetik jardun duten moreek, aldiz, itzulikoetan.

Azkenean, bizkaitarrek bi segundo pasatxoko aldearekin (2 eta 12 ehunen) lortu dute garaipena, beste hautagairik gabeko ohorezko txandan, Donostiarra eta Hondarribia lehen bietatik oso urrun egon zirelako.

Helmugan, Donostiarra ia 30 segundo galduta sartu da eta Hondarribia 45 baino gehiago, lehen txandako hiru ontzik baino marka kaskarragoak eginda: Zierbena, Bermeo eta Ondarroa. Azkena Cabo da Cruz izan zen.

Estropada irabazi ez zuen arren, Oriok Eusko Label Ligako podiumera egin du jauzi gaurko bigarren postuari esker, Donostiarra puntu batez gaindituta. Hala, horiak Santurtzi eta Hondarribia txapeldun eta txapeldunordearen atzetik geratu dira behin betiko sailkapenean.

1. txanda eta play-offak

Lehenengo txandan, Zierbena nagusitu da Urdaibairen aurretik. Bizkaiko bi ontziek norgehiagoka ezin estuagoa eduki dute azken metroetan. Bermeotarrak buruan izan dira ia estropada osoan zehar, baina azken txanpa indartsua eginda Zierbenakoek egin dute denborarik onena 28 ehunenekogatik soilik.

Eusko Label eta Euskotren ligetako play-offei dagokienez, Tolosaldea emakumezkoetan, eta Getaria eta Kaiku, gizonezkoetan, erdietsi dute mailaz igotzeko helburua

Patroi onenaren saria

Denboraldiko patroi onena Donostiarrako Arkaitz Diaz izan da, 20 punturekin. Santurtziko Gorka Aranberrik baino bat gehiago, eta Cabo da Cruzeko, Oscar Hermok eta Felix Duartek baino sei eta zortzi gehiago.

EL CORTE INGLES BANDERAKO SAILKAPENA:

El Corte Ingles Banderako sailkapena. Argazkia: EITB

El Corte Ingles Banderako sailkapena. Argazkia: EITB

EUSKO LABEL LIGAKO BEHIN BETIKO SAILKAPENA:

Eusko Label Ligako azken sailkapena. Argazkia: EITB

Eusko Label Ligako azken sailkapena. Argazkia: EITB