Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Aldaketa araudian

Donostiarrak ez du bermatuta izango emakumezkoen Kontxako Banderarako txartel zuzena

EITB Media

Orain arte bermatuta izan du Kontxarako sailkapena, baina Donostian maila goreneko emakumezkoen bi talde daudenez, Donostiako Udalak jakinarazi du Euskotren Liga postu onenean amaitzen duen taldeak, Donostiarrak edo Arraun Lagunakek, bereganatuko duela txartel zuzena.

1:20

Kaiarriba Donostiarra ez da zuzenean sailkatuta egongo emakumezkoen mailako 2025eko Kontxako Banderarako. Horixe jakinarazi du Donostiako Udalak astearte honetan, maiatzaren 13an.

Hala, bada, Udalak adierazi du 2025ean Euskotren Liga goren edo postu onenean amaitzen duen taldeak, Arraun Lagunakek edo Donostiarrak, bereganatuko duela Kontxako Banderarako txartel zuzena.

Orain arte, Donostiarrak bermatuta izan du Kontxako azken bi jardunaldietarako txartela, atariko sailkapen estropada jokatu gabe, taldea Donostiakoa delako. Hala ere, ez da Gipuzkoako hiriburuko talde bakarra, Arraun Lagunak ere hor baitago, eta sailkapen-estropadan lortu behar izan baitu txartela.

Aspalditik, Arraun Lagunakek aldarrikatu dute haiek ere Donostiako taldea direla, eta klubak ez zuen ulertzen zergatik Donostiarra zuzenean sailkatzen zen, eta haien taldea ez. Orain, kirol emaitzek zehaztuko dute Donostiako maila goreneko zein talde egongo den zuzenean sailkatuta Kontxarako.

Gizonezkoetan ez dago aldaketarik

Gizonezkoen Kontxako Banderari dagokionez, Donostiarrak ez du atariko estropada jokatu beharko; hau da, zuzenean sailkatuko da.

Izan ere, gizonezkoen mailan ez dago Donostiako beste talderik, eta Donostiarra anfitrioia denez, bermatuta du Kontxako Banderako bi jardunaldi erabakigarrietarako txartela.