Beste kirolak
Agurra
Eunate Aguirre: 'Nekatuta nago eta bizitza berri bat hasi nahi dut'
Erredakzioa
Bodyboarder sopeloztarrak agur esan dio lehiaketari Basque Teamen egoitzan, 2011n lortutako Munduko txapelketa lorpen nagusi bezala aldarrikatuz.
-
Eunate Aguirre. Argazkia: Basque Team
Eunate Aguirre euskal bodyboarderrak, 2011an Munduko txapelduna izandakoak, agur esan dio bere kirol ibilbideari 2008tik bere baitan hartu duen Basque Team fundazioaren egoitzan egindako agerraldian. Euskal kirolaren historian Munduko txapelduna izan den bakarrenetarikoa dugu sopeloztarra eta lehiaketari agur esango dio kirol lorpen ikaragarriarekin, zazpi aldiz izan da munduko lehen bost onenen artean, eta birritan eskuratu ditu Europako txapelketak junior naiz senior mailan.
Eunatek gaurko agerraldian azaldu duenez, "lehiaketak asko eskatzen du, 100%ean egotea fisikoki eta mentalki eta hainbat urtetan martxa horretan aritu ondoren koska bat behera egin dudala nabaritu dut. Horrez gain, geroz eta zailagoa da babesletza pribatua lortzea eta azken bi urteetako emaitzak, bigarren eta hamabigarren urrenez urren, ez dira nahikoa izan niretzat eta irakurri beharreko seinale bat zela iruditu zait"
Agur esaterakoan Munduko txapeldunak gaineratu du "pozik eta harro uzten dut lehiaketa, etxera oso titulu garrantzitsua ekarri dudadalako eta horrek sentiarazten nauelako harro. Nire ibilbideari amaiera emateko modu bikaina eman diot amets bat gauzatzea lortu dudalako eta zoriontsu sentitzen naiz alde horretatik. "Kirolari bezala fase guztietatik pasa beharra dago eta gehiago ikasten da porrotetatik garaipenetatik baino" aipatu du bizkaitarrak eta era berean 2011an lortutako garaipena nabarmendu du lorpen handiena bezala: "Titulua lortzeko zorian nenbilen eta garaipe n handia izan zen, oroitzapen eder asko utzi zizkidan, uretatik ateratzerakoan barrutik atera zitzaidan garrasia eta pilatuta neukan energia guztia kanporatu nuen".
Eskerrak ematerakoan "orduak eman ditzaket hemen lagundu didan jendeari eskerrak emanez baina Basque Team-i buruz aipamen berezia egin nahi dut kirolari profesionala sentiarazi nauelako, eta nire emaitzarik onenak Fundazioan sartu eta gero heldu ziren" .
Etorkizunari begira Eunateren hitzetan "ez dut plan zehatzik orain, atseden hartu nahi dut, bizitza normala egin, bidaiak alde batera utzi eta lasai hartu. Egoera patxadaz aztertu nahi dut eta etorkizunerako prestatu. Txikitatik egiten nuena bazterrean geratuko da jada eta horrek aldaketa sakona ekarriko du nire bizitzan, alde batetik tristea da baina aro berriari ilusioarekin ekingo diot"