Beste kirolak
Sotxi 2014
Imanol Rojo, bakarkako esprintean
Erredakzioa
Iraupen-eskiko probarik motzena izango dute jokoan; 1.500 metro estilo librean guztira.
-
Imanol Rojo. Argazkia: BAT Basque Team
Basque Team taldearen babespean lehiatzen den Imanol Rojo iraupen-eskiko eskiatzaileak bere bigarren probari egingo dio aurre Sotxiko Olinpiar Jokoetan (lau probatan arituko da guztira). Biharkoa bakarkako esprinta izango da, lehian dauden diziplinen artean motzena. 1.500 metroko barrutian eskiatzaileak estilo librean arituko dira irteera puntutik 15 segundoan behin aterata.
Igandean egin zuen Skiathlon proban (15 km era klasikoan eta beste 15 km librean) gipuzkoarrak 50. postua eskuratu zuen (67 parte-hartzaile guztira) 1:13:40ko denborarekin. Dario Cologna suitzarrak lortu zuen urrezko domina 1:08:05eko denborarekin.
Neguko kirolen artean gogorrenetarikoa da iraupen-eskia, eta bereziki bi diziplina bereizten dira: estilo klasikoa (eskiatzaileak elurretan markatutako erreietatik irristatzen dira) eta estilo librea (ahalik eta azkarren eskiatzaileak ezarritako distantzia betetzen saiatzen da, "patinatzailearen pausoa" erabilita). Esprinta da berez probarik motzena eta azkarrena iraupen-eskian.