Beste kirolak
Bahraingo Sari Nagusia
Hamilton eta Rosberg, jaun eta jabe bigarrenez jarraian
Erredakzioa
Fernando Alonsok bederatzigarren postuarekin konformatu behar izan du. Rosbergek gidarien Munduko Txapelketako lehen postuari eutsi dio, dagoeneko 61 puntu lortu baititu; Hamiltonek baino 11 gehiago.
-
Lewis Hamilton. Argazkia: Efe.
Lewis Hamilton britainiarra eta Nico Rosberg alemaniarra, Mercedes taldekoak biak, jaun eta jabe izan dira Bahraingo Sari Nagusian. Lehia ederra egin dute bi pilotuek, eta lehenengo eta bigarren postuan amaitu dute, hurrenez hurren, bigarrenez jarraian. Fernando Alonsok bederatzigarren postuarekin konformatu behar izan du.
Hamilton iragan astean ere nagusi izan zen Malaysiako zirkuituan. Bahrainen, Nico Rosberg taldekidearen aurretik sartu da; hain zuzen, alemaniarra izan zen garailea Australian, aurtengo Munduko Txapelketako lehen sari nagusian. Sergio Perez mexikarra izan da hirugarren, Bahraingo helmugan.
Fernando Alonsok, berriz, bederatzigarren postuan hasi du lasterketa, eta postu horrekin konformatu behar izan du. Gaur, berriro ere, argi geratu da Ferrari etxeko autoak gaur egun Mercedesekoak baino gutxiago direla.
Rosberg, liderra
Bahraingo Sari Nagusiaren ostean, Nico Rosbergek sailkapeneko lehen postuan jarraitzen du, eta 61 puntu ditu jada; Hamiltonek baino 11 gehiago, eta Nico Hülkenbergek baino 33 gehiago. Alonso laugarren da, 26 punturekin, igande honetan lortutako 2 puntuak kontuan hartuta.
Hurrengo lasterketa Txinako Sari Nagusia izango da. Apirilaren 18tik 20ra lehiatuko dira Shanghaiko zirkuituan.