Beste kirolak
Surfa
Olatu handien munduko surflari onenak izango dira Getxon
ERREDAKZIOA
24 surflarik hartuko dute parte, jardunaldi bakarrean. Munduko sailkapeneko 12 onenak izango dira, olatu handien egarri. Aurreko bi hitzorduak ezin izan baitira egin.
-
Punta Galea surf. Argazkia: EITB
Olatu Handien Munduko Zirkuituaren Europako proba bakarra egingo da beste behin ere Punta Galean, Getxon. Zehazki, IX. Punta Galea Challenge lehiaketan 24 surflarik hartuko dute parte, jardunaldi bakarrean, eta urriaren 15etik 2015eko otsailaren 28ra bitarteko epea ezarri da, eguraldiaren baldintzen arabera, tamaina handiko olatuak sortzen diren eguna hautatzeko, aurkezpen prentsaurrekoan azaldu dutenez.
Berritasun bezala, aurten ASP (Surflari Profesionalen Elkartea) gehitu zaie orain arte antolakuntzan lan egiten duten Euskal Herriko Surf Federazioari, Getxo Surf Taldeari, '3Sesenta' aldizkariari eta Surfing Euskadi eta Getxo Kirolak elkarteei.
Parte hartzeari dagokionean, munduko sailkapeneko 12 onenak izango dira, tartean egungo txapelduna den Grant 'Twiggy' Baker eta Greg Long. Haiekin batera izango dira nazioarteko sei surflari eta bertoko beste sei; azken horien artean izango dira Adur Letamendia, David Bustamante, Jon Garai, Indar Unanue, Natxo González eta Aritz Aranburu.
Orain arte, Olatu Handien Munduko Zirkuituko aurreko bi hitzorduak -Hegoafrika eta Txile- ezin izan dira egin, olaturik ez zegoelako, eta ondorioz, Getxon eta Hawaiin erabakiko da zeintzuk izango diren dagoeneko Perun eta Mexikon egin den zirkuituaren irabazleak.