Beste kirolak
Tragedia Annapurnan
Ehunka lagun bildu dira Calafaten hiletan, Palman
Erredakzioa
Hileta-elizkizuna hasi baino lehen jendez lepo zen Santa Cruzeko eliza eta meza elizatik kanpo entzun behar izan dute ia 500 lagunek.
Ehunka lagun bildu dira gaur arratsaldean Tolo Calafat Mallorcako alpinistaren hileta-elizkizunean, Santa Cruzeko elizan, Palman. Calafat Annapurna mendian hil zen.
Hileta-elizkizuna hasi baino lehen eliza jendez lepo zen eta meza elizatik kanpo entzun behar izan dute ia 500 lagunek, ate nagusiaren aurrean.
Askok lore-sortak eraman dituzte eta tristura izan da nagusi bildutako jendetzaren artean.
Francesc Antich Balear Uharteetako presidentea, Aina Calvo Palmako alkatea, Francina Armengol Mallorcako Parlamentuko presidentea eta Jose Ramon Bauza Balearretako PPko presidentea hiletan izan dira.
Antichek adierazpenak egin ditu kazetarien aurrean tenpluan sartu baino lehen. Calafaten heriotza dela-eta atsekabetuta agertu da eta guztientzat egun "oso zailak" direla nabarmendu du, batez ere Balearretako kirolarentzat.
Jaitsieran
Annapurnan hil zen Mallorcako medizalea erreskate lanak bertan behera utzi ondoren. Juanito Oiarzabalen espedizioko kidea zen eta Annapurnako gailurra zapaldu ondoren, jaitsieran harrapatuta geratu zen 7.500 metrotara.
Atzo 7:30ean eman zuten ildakotzat Palma Mallorcan 1970ean jaio zen Tolo Calafat Marcus mendizalea. Everest gaina zapaldu zuen Mallorcako lehen espedizioko kidea izan zen 2006an. Cho-Oyu (8.201 metro), Aconcagua (6.954), eta Elbrus ere igo zituen, baita Andeetako, Alpeetako eta Pirinioetako mendi garrantzitsuenak ere.