Beste kirolak
Lahti (Finlandia)
Imanol Rojo, iraupen-eskiko Munduko Txapelketan
eitb.eus
Lehenengo 20 onenen artean geratu nahi du, batez ere 50 kilometroko proban.
-
Imanol Rojo. Argazkia: Basque Team
Imanol Rojo otsailaren 23tik aurrera lehiatuko da Lahtin (Finlandia) jokatuko duten iraupen-eskiko Munduko Txapelketan.
BASQUE TEAM taldeko kirolaria lehenengo 30en artean dago Europako Kopako zerrendan, eta lehenengo 20 onenen artean geratu nahi du txapelketa honetan, batez ere 50 kilometroko proban.
Imanol Rojo sasoi onean dago; horren erakusle, 2016ko bukaeran Europako Maratoi Txapelketan lortutako titulua, aurten Espainiako Txapelketan lortu dituen bi garaipenak eta Austriako 42 kilometroko Dolomitenlauf Lienz proban erdietsitako emaitza (lehen hamarren artean sartu zen).
Tolosarrak maiatzetik dauka buruan Munduko Txapelketa. Entrenatzen 700 ordu eta 10 hilabete eman ostean, denboraldiko hitzordu nagusiari helduko dio orain. Otsailaren 23an, Sprint modalitatean lehiatuko da; otsailaren 25ean, Skiathloian, eta martxoaren 1ean, teknika klasikoan egiten den 15 kilometroko proban eta 50 kilometrokoan.
Pyeongchangeko (Hego Korea) Neguko Jokoetarako txartela ematen duten postuetan dago gipuzkoarra, baina Munduko Txapelketan parte hartu ostean, lasterketa luzeetan eta Europako Kopako lasterketetan puntuak biltzen jarraitu nahi du. 2014an, Sotxiko Jokoetan egon zen Imanol.