Beste kirolak
Heriotza
Gasteizko Udalak Seme Kutun izendatuko du Alberto Zerain
agentziak | erredakzioa
Gainera, igandean Alavesen peñen elkarteak mendi martxa antolatu du mendizale gasteiztarraren omenez.
-
Alberto Zerain. Argazkia: EiTB
Gasteizko Udalak hiriko Seme Kutun izendatuko du Alberto Zerain mendizalea, Nanga Parbaten, Mariano Galvan argentinarrarekin batera, hil dena.
Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu du duela 55 urte Arabako hiriburuan jai zen alpinistari izendapen hori ematea.
"Galera handia izan da, ez euskal mendizaleentzat soilik, baita hiriarentzat ere. Bizitza osoan erakutsi dituen baloreak, profesionalki eta sozialki, bizirik daude oraindik gure hirian eta gure gizartean", adierazi du Gorka Urtaran alkateak prentsa-ohar batean.
EH Bildu izan zen Alberto Zerain omentzea proposatu zuena eta Urrezko Domina edo Seme Kutun izendatzea gomendatu ziona EAJk eta PSE-EEk osatzen duten udal-gobernuari, "erreferente" zela eta "hiriaren izena mundu osoan zabaldu" zuela argudiatuta.
Alkateak Bozeramaileen Batzordea deitzea erabaki zuen, denen artean omenaldi egokiena hautatzeko, eta gaur aho batez erabaki dute Seme Kutun izendapena ematea.
Izendapen hori jasotzen azkenak Jose Luis Isasi, Zeledonen papera egin zuen lehena, eta Eduardo Madinabeitia irakaslea izan ziren, 2008an eta 2010ean, hurrenez hurren.
Dena dela, hau ez da Zerainek jasoko duen omenaldi bakarra izango, izan ere, Iraultza 1921ek, Alavesen peñen elkarteak, mendi martxa egingo du igandean alpinista gasteiztarraren omenez, Alavesen jarraitzaile amorratua baitzen.