Beste kirolak
Austrian (14tik 18ra)
Kirol eskalada: Usobiaga, Europako titulua berriro lortzeko asmoz
Erredakzioa
Guztiz sendatuta dago sorbaldan egindako ebakuntzatik, eta denboraldi berean Munduko Kopa eta Europako Txapelketa irabazteko nahian dabil
Usobiaga (Eibar, 1980) sasoi ezin hobean iritsiko da hitzordu honetara, eta joan den astean Korean frogatu zuenez, erabat sendatuta dauka kirofanora eraman zuen sorbaldako lesioa. Euskal kirolaria Munduko Kopako lidergoan kokatu zen abuztuaren 30ean (hauxe da denboraldi honetarako zehaztuta daukan beste helburu nagusia, aurten ez baita Munduko Txapelketa jokatuko), hirugarren proba puntuagarria irabazi ondoren. Aurreko biak Chamonix-en (Frantzia) eta Xining-en (Txina) jokatu ziren. Lehenegoan bigarren postua eta bigarrenean zazpigarrena lortu zituen, hurrenez hurren. Austrian kokatuko den Europako Txapelketan, indarrak neurtu beharko ditu duela egun batzuk Chuncheon-en garaitu zituen arerio berberen aurka: Ramón Julián kataluniarra eta Adam Ondra gaztea, Munduko Koparen egungo txapelduna.
Patxi Usobiagak 2009ko uztailean irabazi zuen kirol eskaladaren Munduko Txapelketa (Txinako Quingai herrian jokatu zen). Horrez gain, bi aldiz lortu du Munduko Kopa (2006an eta 2007an), eta aurten, sailkapenaren buruan dago berriz ere titulu hau lortzeko. Bere kirol ibilbidean, nazioarte alorreko beste titulu batzuk eta 2008ko Europako Txapelketa ere eskuratu ditu.
Bi helburu argi
Nazioarteko titulu nagusi guztiak biltzen dituen palmares bikainaren jabea izanik, euskal eskalatzaileak elitean jarraitzeko asmoa agertu du: "Goian jarraitzeko motibazioari eusten diodan bitartean, ahaleginak eta bi egingo ditut garaipen berriak lortzeko. Egia esanda, sorbaldan izandako lesioaren eraginez, aurten ez dut normaltasunez entrenatzeko modurik izan duela bi hilabete arte. Beste urte batzuetan, prestakuntzak seihileko osoa irauten zuen. Gertatuak gertatu, Europako Txapelketa eta Munduko Kopa dira orain nire bi helburu argiak, batean zein bestean ahalegin osoz lehiatzea".
Hauxe da Patxi Usobiagak jokatu beharreko proben egutegi osoa:
·EUROPAKO TXAPELKETA, Imst (Austria) Irailak 14-18
·MUNDUKO KOPA, Puurs (Belgika) Irailak 24-25
·MUNDUKO KOPA, Huaigi (Txina) Urriak 29-30
·MUNDUKO KOPA, Kranj (Eslovenia) Azaroak 13-14