Beste kirolak
Asteburu honetan
Euskal kirolariak, munduko piraguismo, borroka eta judo txapelketetan
Erredakzioa
Zazpi palista Eslovenian, Maider Unda Mosku aldera joango da eta Tokion, Munduko Judo Txapelketan, Kiyoshi Uematsu eta Oiana Blanco izango dira euskal ordezkariak.
Slalomeko 2010eko Munduko Piraguismo Txapelketa Sava ibaiko uretan jokatuko da irailaren 10etik 12ra bitartean, Esloveniako hiriburutik oso hurbil. Guztira, Euskadiko zazpi palistak (Maialen Chourraut, Irati Larrañaga, Jone Otaño, Joan Crespo, Samuel Hernanz, Jon Erguin eta Ander Elosegi) parte hartuko dute Xabier Etxaniz euskaldunak zuzentzen duen Estatuko selekzioarekin batera.
Maialen Chourraut da emaitza onak lortzeko itxaropenik handiena duena, batez gogoan hartuta iaz emakumezkoen K1 kategoriako zilarrezko domina eskuratu zuela Seu d’Urgell-en jokatutako Munduko Txapelketan, eta aurten urrezko domina lortu duela herri berean jokatutako Munduko Kopako proba batean. Uztailean zazpigarrena izan zen Bratislavan antolatutako Europako Txapelketan, eta oraingo honetan, Jana Dukatova eslovakiarra eta alemanas Jasmin Schornberg eta Jennifer Bongardt alemaniarrak izango dira bere arerio nagusiak. Maialenek parte hartuko duen proba larunbaterako programatuta dago, hilak 11. Bere ondoan lehiatuko dira, baina domina irabazteko aukera gutxiagorekin, Irati Larrañaga eta Jone Otaño.
Gizonezkoen C1 kategorian, Ander Elosegi eta Jon Erguin (honek brontzezko domina irabazi berri du Munduko Kopako proba batean) onenei aurre egiten ahaleginduko dira, nahiz eta podiumerako faborito nagusiak Tony Estanguet frantziarra, Michal Martikan eslovakiarra eta Stanislav Jezek txekiarra diren. Elosegi eta Erguini dagokien proba igandean jokatuko da, hilak 12. Egun berean lehiatuko dira gizonezkoen K1 kategorian Joan Crespo eta Samuel Hernanz, baina aldez aurretik aukera eskasak dituzte dominak lortzeko. Taldekako probak, aldiz, ostiralean jokatuko dira, hilak 10. Chourraut, Larrañaga eta Jone Otaño patruiletan lehiatuko dira (3 X C1), eta Joan Crespo eta Samuel Hernanz kanoetan.
Borroka librea: Maider Unda Munduko Txapelketan, Moskun
Maider Unda arabarra Mosku aldean dabil, hantxe parte hartuko baitu ostiralean, irailak 10, Munduko Borroka Libre Txapelketan, 72 kilo arteko kategorian, zehatzago esanda. Maiderrek bilakaera bikaina izan du nazioarteko bere azken agerraldietan: iaz brontzezko domina irabazi zuen Herning-en (Danimarka) jokatu zen Munduko Txapelketan, eta aurten hirugarren postua errepikatu du Bakun (Azerbaian), Europako Txapelketan. Printzipioz, Stanka Zlteva bulgariarra da urrezko domina lortzeko faborito nagusia, baina norgehiagoka gogorrean jardun beharko du euskal borrokalariaren aurka, bai eta Orchibat Burmaa mongoliarra, Ekatarina Bukina, Natalya Vorobeva eta Elena Perepelkina errusiarrak edota eskarmentu luzea duten Marina Gastl (Austria) eta Svitlana Sayenko-ren (Ukrainia) aurka.
Uematsu eta Oiana Blanco Japonian, Munduko Judo Txapelketan
Euskal kirolak asteburu honetarako aurreikusia duen nazioarteko hirugarren norgehiagoka nagusia Tokion jokatuko da: Munduko Judo Txapelketa. 13.000 pertsona baino gehiagorentzako lekua duen pabilioi batean ospatuko da, hain da handia borroka-arteen modalitate honek bere sorterrian duen atxikimendua. BAT Basque Team-ek babestutako Kiyoshi Uematsu portugaletearra eta Oiana Blanco oriotarra dira proba honetako euskal ordezkariak, bai eta Valentziako lizentziaz jardungo duen Sugoi Uriarte gasteiztarra ere. 73 kilo arteko kategorian, Kiyoshi-k aurre egin beharko die larunbatean, hilak 11, goizeko 10etatik aurrera (zazpi ordu gutxiago Euskadin), Wang Ki-Chun eta Gui-Man Bang korearrei, Dirk Van Tichelt belgikarrari, Mansur Isaev errusiarrari, Hiroyuki Akimoto eta Yasuhiro Awano japoniarrei, Benjamin Darbelet eta Ugo Legrand frantziarrei edota João Pina portugaldarri, besteak beste. Oianak igandean jokatuko ditu borroka guztiak, irailak 12.
48 kilo arteko kategorian, gipuzkoarrak oso emaitza onak lortu ditu orain arte parte hartu duen nazioarteko txapelketetan: iaz, zilarrezko domina lortu zuen Rotterdam-en, Munduko Txapelketa batean egindako lehen agerraldian, eta aurten, brontzea eskuratu du Vienan jokatutako Europako Txapelketan.
Goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da BAT Basque Team-en xedea, Euskadiko kirolariek ordezkaritza zabala izan dezaten goi-mailako kirol lehiaketetan. Ekimena Eusko Jaurlaritza —Kultura Sailaren bitartez— eta Euskal Irrati-Telebistaren (EITB) babespean gauzatu da. Hauez gain, badira eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua berenganatu duten babesle pribatuak ere, hala nola, Naturgas Energia, La Caixa, IMQ eta Cespa-Ferrovial. BAT Basque Team-ek laguntza ematen die goi mailako kirolariei eta hauen entrenatzaileei, prestakuntza hobetzeko modua izan dezaten, eta xede berari jarraituz lan egingo du modalitate desberdinetako kirolariekin eta maila goreneko kirol erakundeekin. Fundazioaren beste zeregin batzuk dira kirol prestakuntza eta heziketa optimizatzen laguntzea eta maila goreneko kirolari aplikatutako ikerkuntza sustatzea. Ildo horretan, BAT Basque Team marka Euskadiko eliteko kirolaren erreferentzia nagusia izatea lortu nahi da, kirol mota olinpikoak, ez olinpikoak eta egokituak barne hartuta.