Itxi

Beste kirolak

Igandean

Euskadiko Aizkora Txapelketa Asteasun jokatuko da

Erredakzioa

Floren Nazabal, Iñaki Azurmendi, Joxemari Olasagasti, Juan Jose Lopez, Joseba Otaegi eta Jexuxmari Mujika aizkolariek hartuko dute parte. eitb.com-ek 16:00etan eskainiko du finala.

Euskadiko Txapelketak hogeita seigarren urtea betetzen du aurten, era egituratuan jokatzen hasi zenetik. Aurrez ere jokatzen ziren txapelketak. 1965. urtean, esate baterako. Donostiako zezen-plazan bost aizkolarik neurtu zituzten indarrak, eta 10.000 ikusle bildu zirela diote historiagileek.

Aizkolariek egin beharreko lana ez da beti berdina izan, baina bai azken 30 urteotan. Orain dela 39 urte, 1971n hain justu ere, lau oinbikoen ordez, lau 80 ontzako ebaki zituzten.

Lau urtez behin herrialde desberdinak antolatu ohi du Maila nagusiko Euskadiko Txapelketa. Aurtengoa Gipuzkoari dagokio, orain dela lau urte bezala (2006). Urte horretako finala Tolosan jokatu zen.

Aurtengo Maila Nagusiko Euskadiko Aizkora Txapelketako kanporaketa eta finala, Euskadiko eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioek antolatu dute. Igandean jokatuko den finalari dagokionez, Asteasuko Udalak eta herriko kirol taldeek laguntza estimagarria eskaini dute.

MAILA NAGUSIKO EUSKADIKO AIZKORA TXAPELKETA

FINALA
EGUNA: azaroak 21 (igandea)
LEKUA: Asteasuko (Gipuzkoa) pilotalekua
ORDUA: 12:30. 16:00etan eitb.com-ek eskainiko du
LANA: 12 pago-enbor ebaki beharko du aizkolari bakoitzak; hots, lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko.

AIZKOLARIAK

Floren Nazabal (Etxarri-Aranatz, Nafarroa Garaia; 41 urte)
Iñaki Azurmendi (Arriaran, Beasain, Gipuzkoa; 38 urte)
Joxemari Olasagasti (Igeldo, Donostia, Gipuzkoa; 52 urte)
Juan Jose Lopez (Lezaun, Nafarroa Garaia; 41 urte)
Joseba Otaegi (Zizurkil, Gipuzkoa; 27 urte)
Jexuxmari Mujika (Ibarra, Gipuzkoa; 33 urte)