Itxi

Beste kirolak

GOLF

Rahmek McIlroy irabazlearengandik bost kolpera amaitu zuen The Players

AGENCIAS | REDACCIÓN

Barrikako golf-jokalariak sailkapeneko lehen postuan ekin zion azken jardunaldiari, baina hamabigarren amaitu zuen, zelaiko parra baino lau kolpe gehiago behar izan ostean.

  • Jon Rahm, The Players txapelketako azken jardunaldian.

    Jon Rahm, The Players txapelketako azken jardunaldian. Argazkia: EFE

Rory McIlroy Ipar Irlandako jokalariak irabazi zuen igande honetan The Players golf-txapelketa, PGA Tourrean lortzen duen hamabosgarren garaipena, hain zuzen ere. The Playersi "bosgarren handia" esaten diote, eta bertan Jon Rahm bizkaitarra garaipenaren lehian erabat murgilduta egon zen azken jardunaldira arte; alabaina, azkenerako, irabazlearengandik 5 kolpera amaitu zuen, hamabigarren tokian, igandeko jardunaldian ibilbidea betetzeko 76 kolpe (+4) behar izan eta gero.

McIlroyk ez zion batere ondo ekin egunari, bogey bikoitza egin baitzuen 4. zuloan. Dena den, ez zuen kolpe hori nabaritu, eta gainerako ibilbidean zehar sei birdie pilatu zituen beste bi bogeyrekin batera. Denetara, 70 kolpe (-2) behar izan zituen azken jardunaldian, eta horrek garaipena ekarri zion.

Dagoeneko lau txapelketa handi (2011, 2012 eta 2014ko US Openak eta 2014ko Britainia Handiko Opena) irabazi dituen 29 urteko iparrirlandarrak beste lehiaketa bat irabaztea lortu zuen ia urtebete igaro eta gero. Izan ere, 2018ko martxoaren 19an Arnold Palmer Invitational torneoa eskuratu zuen.

The Players irabazteko 272 kolpe behar izan zituen (16 parraren azpitik), eta kolpe bateko aldea atera zion Jim Furyk estatubatuar beteranoari (48 urte).

Bere aldetik, Jon Rahmek sailkapeneko lehen postuan ekin zion egunari. Aitzitik, eguna aldrebes joango zela aurreratu zuten hiru bogey egin zituen lehen lau zuloetan.

Bere eguneko ibilbidea nolabait zuzendu zuen 6. eta 8. zuloetan lortutako birdiekin. Alabaina, 11. zuloko bogeyak berriro okertu zuen bakiotarraren jarduna. Hortik eta amaierara arte, birdie bakarra erdietsi zuen (13. zuloa); haatik, beste bogey bat pilatu zuen 15.ean, eta uretara joan zitzaion pilota 17.ean. Hartara, 76 (+4) kolperekin bukatu zuen eguna, eta hamabigarren tokira arte jaitsi zen sailkapenean.