Itxi

Beste kirolak

Abuztuaren 17tik irailaren 7ra

Zazpi taldek jokatuko dute lehen Euskal Errugbi Liga

eitb.eus

Aviron Bayonnais, Biarritz Olympique-Pays Basque, Anglet, Hernani, Ordizia, Getxo eta Bera Bera ariko dira lehen mailan.

0:29
Bingen Zupiria

Euro Basque Rugby Challenge (EBRC)- Euskal Errugbi Liga mugaz gaindiko kirol txapelketaren lehen edizioak bi aldeetako zazpi talde bilduko ditu, abuztuaren 17tik irailaren 7ra: Aviron Bayonnais, Biarritz Olympique-Pays Basque, Anglet, Hernani, Ordizia, Getxo eta Bera Bera. Lehen mailan jokatuko duten zazpi taldeekin batera, EBRC-Euskal Errugbi Ligak emakumezkoen kategoria eta bigarren maila ere izango ditu.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak astelehen honetan aurkeztu dute lehiaketa, Donostian, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE), Nafarroako eta Iparraldeko (Errugbi 64 Departamentu Batzordea) errugbi federazioetako ordezkariekin batera.

Miramar jauregian izan da proiektuaren aurkezpena, eta bertan izan dira Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Arola Urdangarin Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko jarduneko zuzendaria, Iñaki Laskurain Euskal Errugbi Federazioko presidentea eta Alain Fariscot Errugbi 64 Departamentu Batzordeko federazioko presidentea.

Jaurlaritzaren eta Euroeskualdearen bultzada ez ezik, EBRC-Euskal Errugbi Ligak hiru federazioen eta Nafarroako eta Akitania Berriko gobernuen babesa ere jaso du. Aviron Bayonnais, Biarritz Olympique-Pays Basque, Anglet, Hernani, Ordizia, Getxo eta Bera Bera taldeetako ordezkariak ere izan dira Donostiako aurkezpenean.

Horrela, zazpi talde horiek parte hartuko dute EBRC-Euskal Errugbi Ligako lehen mailan. Aurreneko urtean, abuztuaren 17tik irailaren 7ra antolatuko da lehiaketa, eta final nagusia Ordiziako Altamirako estadioan izango da. Lehen maila bi taldetan banatu da, Hegoaldeko eta Iparraldeko taldeak batuz. A taldean izango dira Aviron Bayonnais, Hernani eta Getxo, eta B taldean, Biarritz Olympique-Pays Basque, Anglet, Ordizia eta Bera Bera.

Ligako lehen jardunaldia abuztuaren 17an (A taldea) eta 24an (B taldea) jokatuko da, eta bigarrena abuztuaren 24an (A taldea) eta 31an (A eta B taldeak). Esan bezala, finala irailaren 7an izango da, bi taldeetako txapeldunen artean.

Gizonezkoen lehen mailaz gain, EBRC-Euskal Errugbi Ligak emakumezko txapelketa bat izango du, bai eta bigarren maila bat ere, eta datozen hilabeteetan aurkeztuko dira. Aurreneko urtea denez gero, lehiaketa guztiak ligaxka formatuan jokatuko dira; dena dela, helburua da proiektu hau datozen urteotan hazten jarraitzea.

A MULTZOA

Aviron Bayonnais
Hernani
Getxo

B MULTZOA

Biarritz Olympique-Pays Basque
Anglet
Ordizia
Bera Bera

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena