Itxi

Beste kirolak

Halterofilia

Euskadiko Halterofilia Federazioak ofizialtasuna eskatu dio Nazioarteko Federazioari

Agentziak | Erredakzioa

Eusko Jaurlaritzatik adierazi dute federazioak Euskadi bezalako lurraldeetako federazioak onartzen dituela eta, hortaz, erantzuna baiezkoa izatea espero dutela.

1:09
Halterofilia: Euskadiko Federazioa, ofizialtasuna bidean

Euskadiko Halterofilia Federazioak, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak babestuta, formalki eskatu du Nazioarteko Halterofilia Federazioko (IWF) kide izatea. Eusko Jaurlaritzatik adierazi dute Federazioak Euskadi bezalako lurraldeetako federazioak onartzen dituela, eta, hortaz, erantzuna baiezkoa izatea espero dutela.

Euskadiko Halterofilia Federazioak eta Eusko Jaurlaritzak urrats hori ematea erabaki dute IWFren estatutuak aztertu ondoren, berariaz onartzen baita horietan estatu ez diren nazioek edo lurraldeek parte hartzea. Jon Redondok, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak adierazi du onarpena espero dutela, "Euskadiko hainbat federaziok dagokion kiroleko nazioarteko federazioan sartzeko eskaera egin dutelako" eta "nazioarteko federazio horietako estatutuek aukera hori ematen dutelako eta Euskadi onartu dutelako".

Bestalde, Bruno Soto pisu-altxatzaile eta Euskadiko Halterofilia Federazioaren Zuzendaritza Batzordeko kideak eskertu egin du Eusko Jaurlaritzak izan duen inplikazioa: "Kirol hau hain ezaguna ez bada ere, Euskadin tradizio handia dago halterofilian, eta altxatzaile handiak izan ditugu. Urte askoan Euskadiko selekzioarekin lehiatu ginen, nahiz eta ezin izan genuen ofizialki egin; eskaera honen bidez, beste urrats bat eman nahi dugu, beste lurralde batzuek bezala nazioartean lehiatu ahal izateko".