Itxi

Beste kirolak

Adierazpen polemikoak

Oiarzabalek dio Pasaban gezurretan ari dela bere 'porrota' ezkutatzeko

Erredakzioa

Mendizale gasteiztarraren arabera, tolosarrak erreskatea erabili du Everestera oxigenorik gabe igotzeko saiakeran kale egin izana justifikatzeko.

Juanito Oiarzabal mendigoizaleak gogor jo du Edurne Pasabanen kontra. Erreskatea Everestera oxigenorik gabe igotzeko saiakeraren "porrota" ezkutatzeko erabili duela salatu du. Pasabanek "burua galdu" duela esan du Oiarzabalek.

Mendizale arabarrak Lhotseko igoeraren nondik norakoak azaltzeko prentsaurrekoa eman du eta Edurne Pasabanen eta bere sherpen laguntza soilik "azken ordu erdian" jaso zuela argitu du.

Gasteiztarrak lau egunez egon behar izan zuen Karmanduko ospitale batean, maiatzaren 21ean Lhotseko puntara iritsi ondoren, beherako bidean jasan zuen muturreko deshidrataziotik suspertzeko. "Elikagai eta ur faltagatik" gertatu zitzaiola azaldu du Oiarzabalek.

Mendigoizaleak "eskerrak" eman ditu azken ordu erdi hartan jaso zuen laguntzagatik, baina gogor jo du Edurne Pasabanen eta haren taldekideen kontra, erreskateari buruzko "gezurrak" esateagatik.

Oiarzabalek uste du Pasabanek erreskatea erabili duela Everestera oxigenorik gabe igotzeko egindako saiakeraren "porrota" ezkutatzeko.

Tolosarraren taldea azken momentua arte ez zela "mugitu ere egin" salatu du eta bera egoera "penagarrian" jaisten ari zen bitartean "potrojorran" zeudela azpimarratu du. Kanpin dendetatik ordu erdi eskasera zegoenean bakarrik jaso omen zuen haien babesa.

Edurne Pasaban eta bere taldea ostiralean iritsiko dira Madrilera eta bertan emango dituzte espedizioaren azalpenak.