Itxi

Beste kirolak

Atletismoa

Historian sartu da Kipchoge, maratoi distantziako lasterketa bi ordutik behera eginez

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Maratoi distantzia osatzen duten 42.195 kilometroetan inoizko markarik ikusgarriena lortu du Kenyako korrikalariak, 1:59:40ko denboran eginez. Alegia, kilometroa 2 minutu eta 50 segundotan.

3:56
Eliud Kipchoge

Eliud Kipchoge kenyarrak maratoi distantziako munduko marka hautsi du larunbat honetan Vienan 42 kilometroak 1:59:40ko denboran burutuz. Hala ere, ez da marka ofizial gisa argitaratuko, izan ere, lortu ahal izateko laguntza izan duenez ez diote marka onartuko. Hala ere, honek zabaldu duen bidea eta sortu duen ikusmina ikaragarria izan da.

Berau lortzeko hartutako abiadura imajina ezina den arren, datuak datu, 100 metro 17 segundotan burutu ditu eta kilometroa 2 minutu eta 50 segundotan.

Azken metroak berak bakarrik egin ditu eta pozarren helmugaratu da atletismoaren munduko mugak gaindi daitezkeela erakutsiz.

Xehetasun guztiak neurtuta eta ekitaldia zehatz-mehatz antolatuta zegoen Kipchogek marka hautsi ahal izateko, alegia, “Ineos 1.59” babesleak hainbat erraztasun eman dizkionez, Atletismoko Federazioak ez du marka bere horretan onartu eta hortaz, ez da homologatuko.

Goizeko 08:15ean hasi da lasterketa eta ETB1en eta eitb.eus-en zuzenean eman dugu. Irteera ordua erabakitzerako orduan hainbat gorabehera izan dira eta azkenean aurreikusitakoa baino baldintza txarragoak egon dira, lainoarekin eta %90eko hezetasunarekin.

Kipchogek, ordea, aurreikusitako denborak bete-betean egin ditu eta aurretik zuen auto elektrikoak markatzen zizkion pausuak bere horretan eman ditu, erbien laguntza une oro lagungarri izan duela.