Itxi

Beste kirolak

Txapeldunen Liga

Garaipena lortu arren, Bidasoak agur esan dio Europari (24-19)

AGENTZIAK |ERREDAKZIOA

Irundarrek bost golegatik irabazi diote Wisla Plock taldeari, baina ezin izan dute Txapeldunen Ligan aurre egin, joanekoan zazpi golegatik galdu baitzuten.

  • Bidasoako jokalariak bat eginda partida amaieran.

    Bidasoako jokalariak bat eginda partida amaieran. Argazkia: ETBren bideo batetik hartutako irudia.

Bidasoa-Irunek Wisla Plock Poloniako taldea mendean hartu du larunbat honetan (24-19), Velux EHF Txapeldunen Ligako kanporaketako itzulikoan. Alabaina, irundarrek gutxienez zazpi tantoko aldeagatik irabazi behar zutenez, lehiaketatik kanpo geratu dira.

Lehertzear zegoen Artalekun, Jacobo Cuetararen mutilek aurrea hartu nahi izan dute une oro, baina zorterik gabe, poloniarren lan ona dela-eta, ia ez baitute behartu gabeko akatsik egin.

Wisla Plockek indartsu ekin dio neurketari (0-3), eta horrek argi erakutsi die etxekoei balentria lortzeko zailtasuna handia zela. Irundarrek ia bost minutu behar izan dituzte lehen gola erdiesteko, eta, ondoren, hiruna berdintzea lortu dute.

Hori izan da markagailuak lehen zatian irudikatu duen oreka bakarra; izan ere, Xavier Sabateren gizonek erasoan erakutsitako eraginkortasunak eta Stevanovicek zutoinen azpian egindako geldiketek aldea handitu dute kanpotarren alde.

Jacobo Cuetararen 5-1eko defentsak ez du funtzionatu, eta azkar egin du atzera. Atsedenaldia baino lehen, 10 eta 11ko markagailuarekin, Bidasoa-Irunek berdinketa lortzeko jabetza izan du, baina Renaud-Davidek baloia galdu du, eta azkenerako 10 eta 12ko emaitzarekin joan dira atsedenaldira.

Bigarren zatia 4-0eko partzialarekin hasi da Bidasoa-Irunentzat, eta, hala, etxekoek gertuago ikusi dute balentria gauzatzeko aukera. Dena dela, Stevanovic, joanekoan egin legez, erabakigarria izan da irundarren kontraerasoak zapuzteko, geldiketa apartak egin baititu Poloniako taldeak gehien behar zituenean. Ondorioz, gipuzkoarrek ezin izan dute markagailuan ihes egin.

Horrenbestez, norgehiagokaren 48. minutura berdinduta heldu dira (18-18), eta lortu beharreko asmoa asko urrundu zaie gipuzkoarrei.

Azken minutuetan, etxekoen defentsa presioan buru-belarri jarrita zegoela, Bidasoa-Irunek Wisla Plocken erasoak geldiaraztea lortu du, eta eraginkorra izan da aurkariaren area barruan, baina ez zen denbora nahikorik geratzen.

Hartara, nahiz eta bost golegatik irabazi duten (24-19), gutxitan ikusi dute kanporaketa iraultzea posible zenik. Haatik, Artelekun jaia nagusi izan da lehia guztian zehar.

Fitxa teknikoa

24 – Bidasoa-Irun (10+14): Ledo, Crowley (4), Odriozola (5), E. Salinas (3), Renaud-David (6, 1 penaltiz), Tesoriere, Seri –hasierako zazpikoa–, Rangel (ordezko atezaina), Cavero, Serrano (1), De la Salud (4, 2 penaltiz), R. Salinas (1), Santano, Nieto, Da Silva eta Bartok.

19 – Orlen Wisla Plock (12+7): Stevanovic (p), Daszek (3, 1 penaltiz), Szita (7), Mihic (2), Sulic (1), Midegia (3), Mlakar (1) –hasierako zazpikoa–, Morawski (ordezko atezaina), Stenmalm, Zdrahala, Matulic, Ruiz Sanchez, Susnja, Zabic, Igropulo (2, 2 penaltiz) eta Czaplinski.

Markagailua bost minuturo: 1-3, 3-4, 4-6, 6-8, 9-11, 10-12 (atsedenaldia); 14-13, 17-13, 18-17, 19-18, 21-18 eta 24-19 (amaiera).

Epaileak: Gjeding eta Hansen (Danimarka). Kaleratutako jokalariak: Odriozola (2), De la Salud, Renaud-David, Tesoriere eta E. Salinas Bidasoaren aldetik; Susnja (2), Szita, Zabic (2), Sulic (2), Ruiz eta Mlakar (2) Wisla Plocken aldetik.