Itxi

Beste kirolak

Riotik, Tokiora

Maialen Chourraut, 'Beldurretan Arraunean' dokumentaleko protagonista

Basque Team

Iñigo Asensiok zuzendutako eta Korima Filmsek Traolarekin eta EITBk ekoiztuta, ostiralean aurkeztuko da.

1:35
Maialen Chourraut

Basque Team Fundazioaren babesa du lanak, eta piraguistak azken ziklo olinpikoari nola egin dion aurre erakusten du, Rioko Jokoetan urrea irabazi zuenetik Tokioko Jokoetarako txartel olinpikoa lortu arte.
 
Basque Teamek bekatutako Maialen Chourraut piraguista Iñigo Asensiok zuzendutako eta Korima Filmsek Traolarekin eta EITBrekin ekoiztutako 'Beldurretan Arraunean' dokumentaleko protagonista da. Filmaren aurrestreinaldia martxoaren 27an egin behar zen, Donostiako Aquariumean, baina bertan behera utzi behar izan da, COVID 19 koronabirusaren hedapena dela eta.

Horren ordez, Basque Team Fundazioak pertsona gutxi batzuk (kirolariak, babesleak eta erakundeetako kideak) gonbidatuko ditu ostiralean, martxoak 27, online dokumentalaz eta ondorengo solasaldiaz goza dezaten. 'Beldurretan arraunean' lanak 2016an txapeldun olinpikoa izan zen eta 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina irabazi zuen Lasarteko piraguistaren alderik ezezagunena ekarriko digu. Maialen, duela lau urte, banakako kirol batean metal preziatuena lortzen lehen euskal kirolaria izan zen.
 
Hala ere, Rio de Janeiron domina irabazi zutenetik Tokion lehiatzeko olinpiar pasea berriro lortu arte ondorengo prozesu guztia ez da batere erraza izan. Bidenabar, arazo fisikoei aurre egin behar izan die Maialenek, baita barneko beldurrei ere, eta horietan sakontzen du berak dokumentalean. Horietako batzuk umetatik etorri zaizkion beldurrak dira, eta beste batzuk, bizitzaren gorabeherengatik sortu zaizkionak, beste alderdi batzuk, amatasuna adibidez, maila goreneko piraguismoarekin uztartu behar izateagatik.

“Dokumentalean ikusiko duzuen Maialen hori ni naiz. Uste dut oso ondo islatuta dagoela. Kanpotik ez dakit ze Maialen Chourraut ezagutuko den baina hau da barruko, eguneroko Maialen Chourraut” adierazi du txapeldun olinpikoak.