Itxi

Beste kirolak

AEBetan

Kayak surfeko Euskadiko selekzioa, taldekako munduko txapelduna

Erredakzioa

Ingalaterra eta AEB bigarren eta hirugarren sailkatu dira, hurrenez hurren.

  • Kayak surf. Argazkia: EITB

    Kayak surf. Argazkia: EITB

Kayak surfeko Euskadiko selekzioa da taldekako munduko txapeldun berria, Ipar Karolinan (AEB) jokatu den espezialitateko Munduko Txapelketa irabazi ondoren. Sailkapeneko bi jardunaldiren ondoren, euskal selekzioa finalera iritsi da Ingalaterrarekin eta AEBekin batera.

Lehiaketako txandetan, Euskadik zortzi lehenengo postu lortu ditu, bi puntuko aldea ateraz 2009an Portugalen munduko txapeldun izan zen  Ingalaterrarekiko. Bitartean, estatubatuarrak hirugarren izan dira, Euskadirengandik hamar puntura. Garaipen honekin, euskal selekzioak
2007an Bakio-Mundakan (Bizkaia) lorturiko titulua berreskuratu du.

Kayak surfeko Euskadiko selekzioa ondoko kirolariek osatu dute: Julen Seco eta Julen Arrizabalaga juniorrak; Ainhoa Tolosa eta Garazi Iturralde emakumezkoak; Txema Carreto eta Luis Abando masterrak; eta Edu Etxeberria, Urko Otxoa, Xabi Olano, Ibon Agirrezabala eta Oskar Martinez openak.

Ostegun honetan jokatuko dira banakako finalak, eta hamar finaletan sei ordezkari izango ditu euskal selekzioak: Edu Etxeberria ('open long'), Garazi Iturralde ('short'), Ainhoa Tolosa ('long'), Luis Abando ('gran master short'), Julen Seco ('junior long') eta Julen Arrizabalaga ('junior short').