Itxi

Beste kirolak

Tragedia eta balentria

Sergi Mingote mendizalea hil da K2n, hura neguan lehen aldiz igo duten egunean

A. A. | EITB MEDIA

Kirolari katalanak istripua izan du kanpamentu nagusira bidean zihoala. K2 tontorra zen gaur arte igo gabe geratzen zen 14 zortzimilakoetatik bakarra.

  • K2 mendatea

    K2 mendatea. ETBren bideo batetik hartutako irudia.

Nepalgo 10 alpinistez osatutako talde batek K2ko tontorreraino (8.611 metro) heltzea erdietsi du larunbat honetan, hau da, neguan igo gabeko 14 zortzimilakoetatik geratzen zen bakarrera, hain zuzen ere. Seven Summit Treks espedizioaren antolatzaileak jakitera eman duenez.

"Lortu dugu, sinetsi iezaguzue, egin dugu", adierazi du Seven Summit Treksek Twitterren.

"Nepalgo eskalatzaileek gailurra egin dute azkenean K2n. 'Mendi basatia' sasoi arriskutsuenean igo dute: neguan ", gaineratu du konpainiak.

K2, piramide ia perfektua eta munduko bigarren mendirik garaiena, zortzi mila metrotik gorako garaiera duten 14 tontorretatik neguan eskalatu gabe zegoen bakarra zen gaur arte.

Igoeran parte hartu duten hamar eskalatzaileak Nirmal Purja, Mingma David Sherpa, Mingma Tenzing Sherpa, Geljen Sherpa, Pem Chiri Sherpa, Dawa Tempba Sherpa, Mingma G, Dawa Tenjin Sherpa, Kili Pemba Sherpa eta Sona Sherpa izan dira.
Alpinistek ostiral gauean ekin zioten azken igoerari, eta ordu luzez eskalatu ondoren, larunbatean gailurrera iristea lortu zuten, tokiko 17:00ak inguruan (12:00 GMT). Azken orduetan ez zen alpinisten berririk izan, eta okerrenaren beldur izan ziren. Aitzitik, Seven Summits Treksek aurreratu legez, alpinista guztiak batera heldu dira gainaldera, aurretik zihoazenak besteen zain egon dira.
Negu honetan 60 alpinista inguru bildu dira K2ko kanpaleku nagusian balentria handia lortzen saiatzeko. Orain arte, 367 mendigoizale baino ez dira izan munduko bigarren gailurrik altuenera. Lehena Achille Compagnoni italiarra izan zen 1954an.

Sergi Mingote mendizale katalanaren heriotza

Aitzitk, K2k zorigaiztoko albistea ere utzi du; izan ere, gailurrera iristera erdietsi duen espedizio berean parte hartzen ari zen Sergi Mingote mendizale kataluniarra hil da bertan.

Mingotek istripua izan du kanpaleku nagusira jaisten ari zela, Karrar Haidri Pakistango Alpinismo Klubeko bozeramaileak EFE agentziari adierazi dionez.

Parets del Valleseko alpinistak erorketa larria izan du lehen kanpalekutik kanpamentu nagusira jaisten zegoela. Ebakuazio dispositibo bat martxan jarri arren, ezin izan dute ezer egin haren bizia salbatzeko.

Hamaika zortzimilako zituen igota kataluniarrak, eta Seven Summit Treks Nepalgo agentziaren espedizioaren buru zen. Hala eta guztiz ere, ez zuen gailurrik egitea lortu eta 3. kanpalekuan egin zuen gaua, Juan Pablo Mohr txiletarrarekin batera.