Beste kirolak
Transantartika 2011
'Eguraldi ona, lur-eremu txarra eta Hego Polotik 400 kilometrora'
Erredakzioa
Asteartean egindako 40 kilometro eskasen ondoren,espedizioa abiadura bizian eman ditu azken egunak. Eguraldia ere lagun dute.
-
Mikel Zabalza. Argazkia: BAT Basque Team
Bi egunetan egindako ia 280 kilometroek astearteko egun txarra ahazteko balio izan die, Juanek egun hori deskribatzen zuen bezala: “Haize oso gutxi edo ezer eta egun osoa kometarekin 40 kilometro eskas egiteko” Asteazkeneko jardunaren berri animosoa eman zigun gasteiztarrak : “Sastrugien gainean 11 orduz saltoka eman eta gero 155 kilometro!!! egin ditugu, sineztezina benetan eremu honetan. Gainerakoan ondo, eguraldi dotorea, lur-eremu txarra baina Hego Polotik geroz eta gertuago”
Arratsaldeko hartu-emanean Mikel Zabalzak zoruaren egoeraz jardun da sakonago: “Oso gaizki dago, irregularra, pentsatzen genuen leku honetan hobeto egongo zela baina kontrakoa gertatu eta honek asko moteltzen digu ibilbidea: Groenlandian aurkitu genituen zorua eta baldintzekin eta azken bi egunetako haizeak lagunduta eguneko 200 kilometro egingo genituzke arazorik gabe.
Aldapa amaigabea suertatzen ari da Antartikako zorua eta haizeak izaten dituen aldaketekin, abiadura eta indarrean, maiz aldatu behar dituzte kometak egunean zehar, askotan 6 aldaketa eguneko: “eskua hartu diogu aldaketari eta orain 10-20 minututan egiten ditugu”. Mendizaleen pisuak ere eragin handia du kometak erabiltzerakoan, Zabalzak aipatu digun bezala: “Tamaina berekoak batera erabiltzen ditugu hirurok beti baina Juanek ni baino %25 gorputz masa gehiago duenez askotan martxa moteldu beharra daukat taldeari eusteko”.
Hego Polotik 400 bat kilometrora mendizale nafarra erabat egokitu da Antartikako muturreko tenperaturetara: “beroa dugu azkenaldian: 25 gradu zero azpitik ez da jeitsi”
Eguraldi iragarpenen arabera haizea moteldu egingo da asteburua hurbildu ahala. Ostiralerako Ipar-Mendebaldeko haizea espero dute, 10-20 kilometro ordukoa eta egunaren amaieran 5-10 kilometro ordura behera egingo duena. Zerua garbi izango dute eta termometroa -15º eta -º17 artean izango da. Larunbata eta inganderako oso antzera: 10-20 kilometro orduko haizea hasieran eta eguna amaitzeko 20-30 kilometro orduraino igoko da .