Beste kirolak
Dopin-kontrol gutxiago
2020an ez zen zehapen-espedienterik ireki behar izan dopin kasuengatik
EITB Media
Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak 145 kontrol egin zituen 2020an, eta ez zuen zehapen-espedienterik abiarazi pandemiak markatutako urte batean.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren 2020ko jardueraren balantzea aurkeztu dute gaur Bilbon.
Eusko Jaurlaritzaren mendekoa eta Euskadin dopinaren aurkako borrokan eskuduna den erakundeak, guztira 145 dopin-kontrol egin zituen iaz, laginak jasotzeko 46 misioren bidez.
Iazko datuetan COVID-aren eragina nabarmena da 2019an egindako kontrolen kopuruan maximo historikoetara iritsi ondoren, 313 kontrolekin. Pandemiaren ondorioz, 2020ko martxotik programatutako lehiaketa asko ez ziren egin eta beste asko 2021era atzeratu ziren. Hori dela eta, iaz egindako kontrolak aurreko urtean egindakoen erdia dira. 2020an ez zen zehapen-espedienterik ireki behar izan dopin kasuengatik.
2020an egindako misio gehienak, 25 misio, % 58a, kirol-probetara joanda egin ziren, hau da lehiaketan, eta gainerako 18ak, % 42a, entrenamendu saioetan, txapelketatik kanpo.
Guztira 111 lagin jaso ziren lehiaketan eta 34 lehiaketatik kanpo. Kontrolak 11 kirol modalitatetan egin ziren, besteak beste, egindako kontrol kopuruaren arabera, arraunean (84 kontrol), errepideko txirrindularitzan (14), triatloian (11) eta kros atletismoa (10). 2020an ez zen kontrolik egin animalietan.