Beste kirolak
Piraguismoa
Miren Lazkano, Europako txapeldun C1 kategorian
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Donostiarrak urrezko domina eskuratu du Ivrean (Italia) jokatzen ari den Europako Piraguismo Txapelketan. Klara Olazabal hamargarren sailkatu da.
-
Miren Lazkano. Foto: @BATbasqueteam (Nina Jelenc, Canoe Europe)
Miren Lazkano piraguista donostiarra Europako txapeldun izan da Ivrean (Italia) jokatzen ari den eslalomeko Piraguismoko Europako Txapelketan, C1 kategorian, hain zuzen ere.
Lazkano finalerdietako laugarren marka onenarekin sailkatu zen finalera, eta Klara Olazabal irundarrak ere bide bera jarraitu zuen, bosgarren tokian.
Finalean, 102,15eko marka lortu du 23 urteko donostiarrak, 2 puntuko penalizazioarekin. Denbora hori ezin izan dute hobetu bigarren izan den Tereza Fiserova txekiarrak (102,51ko marka eta 2 puntuko penalizazioa) eta hirugarren sailkatu den Elena Apel alemaniarrak (104,01ko marka, penalizaziorik gabe). Olazabali dagokionez, hamargarren tokian amaitu du.
Europako banakako txapeldun berriak zilarrezko domina lortu zuen 2014an, Vienan, taldekako C1 kategorian; 2018an, berriz, brontzea bereganatu zuen Pragan, taldekako C1 kategorian ere.