Itxi

Beste kirolak

Zeharkaldia amaitu dute

Transantartika 2011: Euskal mendizaleek balentria lortu dute

Erredakzioa

Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak Antartika zeharkatzea lortu dute. Gainera, zeharkaldia 55 egunetan bukatu dute. Horrela, gauza bera lortu dutenen zerrenda laburrean sartu dira euskal mendizaleak.

01:17
Iñurrategik, Zabalzak eta Vallejok zeharkaldia amaitu dute
Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza mendizaleen Naturgas/BBK Transantartika 2011 espedizioak balentria lortu du gaur. Espero baino 15 egun lehenago lortu dute Antartika gurutzatzea, laguntzarik gabe eta Hego poloa zeharkatuz.

Kometekin tiratutako leren laguntzaz zeharkatu dute mendizaleek Antartika. Arratsaldeko lehen orduan heldu dira Hercules Badiara, helmugara, alegia. Izoztutako kontinentean 3.400 kilometroko ibilbidea egin du espedizioak.

Espedizioaren laguntza taldeak jakitera eman duenez, gauza bera lortu duten pertsonak zortzi baino ez dira. Roald Amundsen mutur australera heldu zela ehun urte bete dira dagoeneko.

Espedizioak 55 egun behar izan ditu abentura amaitzeko. Zeharkaldiaren azken 69 kilometroak gaur egin dituzte euskal mendizaleek, baina eguraldiaren iragarpenak iragarritako "haize onak" ez ditu zailtasunak arindu.

"Goizaldeko 05:00etan abiatu gara, azkar bukatu behar genuela pentsatuz, baina haizearen indarrak behera egin du eta gelditu behar izan dugu. Azken kilometroak oinez egin behar izan ditugu", adierazi dute mendizaleek Hercules Badiara heldu direnean. Bertatik Union Glaziarrera eramango dituzte hegazkinez. Glaziarra Antartikatik Txileko kostaldera salto egiteko atea da, etxera itzultzeko bidaiaren hasiera.


Hotz ikaragarria

Abentura amaitu eta gero, erronka "aurreneko egunetik azkenera arte gogorra" izan dela adierazi du Vallejok, laguntza taldeak jakitera eman duenez. Hotz handia pasatu dutela goraipatu du euskal mendizaleak, -45 graduko tenperaturekin. "Hotz ikaragarria espero genuen, baina ez hainbeste", onartu du.

Helburua lortzeko 55 egun behar izan dituzte, izan ere, 8 egunetan ezin izan zuten kilometro bat bera ere aurrera egin, eta 14tan 100 kilometro baino gehiago egin zituzten. Errekorra urtarrilaren 3an lortu zuten: 180 kilometro.

Maud Erreginaren Lurraldeko tontor ikusgarriren bat igo ez izana deitoratu du Vallejok, baina pozik amaitu dutela ziurtatu du.